[ARGAZKI GALERIA]: Surrandiek Durangoko inauterietako figura historiko bat berreskuratu dute aurten: Buruzagia

E.H. 2026ko otsailaren 16a

"Dokumentazio historikoagatik dakigu surrandiek buruzagi batekin irteten zutela. XIX. mendeko agirietan agertzen da hori. Aurten, figura hori berreskuratu dugu: Karmelo Alberdi izan da surrandien buruzagia", azaldu du Kriskitineko Jaione Fernandez de Retanak. 

Zapatuan, eguraldi petralak ez zien surrandiei merezitako kolore guztia kaleratzen utzi, baina Kriskitineko, Jaizaleko eta Tabira Musika Bandako kideek inauteri zaleen aldartea alaitu zuten merkatu plazan eta Andra Mariko elizpean. Aurten, gainera, nobedade batekin zirikatu zituzten bazterrak, artxibo historikoek jasotako figura bat berreskuratu zuten-eta: Surrandien buruzagi figura.

"Historiako akta batek erakusten du Durangon Tomas Arana izeneko herritar bat zegoela, surrandia zela, eta kalejiran irteteko baimena eskatzen ziola udalari. Badakigu metalezko turuta bat erabiltzen zuela, eta bere lana izaten zela surrandiak kalean zehar asko urruntzen ziren bakoitzean, turuta jo eta haiek batzea", azaldu du Jaione Fernandez de Retana Kriskitineko kideak. Datu historiko hori, hain zuzen ere, Marisa Barrenak dokumentatu zuen 2014ko Astola aldizkarian, Durangoko inauteriei eskainitako artikuluan. 

"Kontua da azken urte hauetan surrandiei forma ematen joan garela. Ander Ertzillak eta Jesus Egigurenek doinuak sortu zituzten; Unai Iturriaga, Ixone Aroma, Ane Belaustegi letrak sortzen joan dira... Durangoko inauteriak osatu ditugu urterik urte. Eta Buruzagiaren figura airean izan dugu orain arte, eta pentsatu dugu historian jasota dagoenez hura berreskuratzera. Karmelo Alberdik egin ditu buruzagi lanak. Orain urte batzuk Abel Iriondok bete zuen figura hori, modu naturalean. Aurten, ordea, leku propioa eman diogu Buruzagiari, bere izaera turuta eta guzti", azaldu du Fernandez de Retanak.

Eta halaxe, aspaldiko ohitura berreskuratuta, 1893ko Tomas Aranak 2026ko Karmelo Alberdiri pasa dio buruzagitzako lekukoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!