Madalenako plaza berritu zenean komun publikoa kendu behar izan zutela eta, Durangoko Udalak azpiegitura berreskuratzea erabaki du. Komun publikoa lehengo lekutik gertu ipiniko dute, Landako etorbidearen eta Muruetatorreko etxadiaren arteko zehargunean. Udalak dio kokapen horrek "onura bikoitza" ekarriko duela: zerbitzua autobus geltokiko bidaiariei eskaintzeaz gainera, behin-behinekotasun egoeran egondako eremua urbanizatuko dute. Proiektuak 162.000 euroko kostua izango du. Halaber, Saibi kalea birmoldatuko duela iragarri du udalak, eta bertan "belaunaldien arteko topaleku eta aisialdi gunea" atonduko duela gaineratu. Udal Euskaltegi izandako eraikinean adinekoen zentroa ipini gura dutela eta, 14 urtetik gorako gazteekin harremanak sustatzeko eremua atondu gura dute parean.