Plateruenak 40 Minutu Rock jaialdiko karpa txikia ordezkatuko du aurten

E.H. 2026ko otsailaren 10a

Orain arte Landako Guneari atxikitako karpan programatu izan dituzte tamaina txikiko emanaldiak. Alabaina, aurten, ez da karparik egongo. Plateruenak beteko du haren funtzioa.

Plateruena 40 Minutu Rock jaialdiko gune izango da aurten. Inoiz baino gehiago, gainera. Bai festibaleko lehenengo egunean ekitaldia eta Ruper Ordorikaren kontzertua han egingo direlako, bai bigarren eguneko emanaldietako batzuk bertan eskainiko dituztelako. 

Izan ere, orain arte, karpa txiki bat atondu izan dute Landako Gunearen ondoan, eta bertan eskaini izan dituzte tamaina txikiagoko emanaldiak. Alabaina, antolatzaileek iragarri dutenez, aurten ez da karparik egongo, eta haren ordez, Plateruenean programatuko dituzte dimentsio txikiagoko kontzertuak. Erabaki hori festibalaren X. urteurrenagaz bat datorrela esan dute antolatzaileek. 

Hamargarren edizioa

40 Minutu Rocken aurtengo edizioa otsailaren 20an eta 21ean egingo da  Landako Gunean eta Plateruenean. Barikuan, Ruper Ordorikaren kontzertua eta ekitaldia egingo dira antzokian.

Zapatuan, berriz, honako talde hauek Landako Gunean: Zea Mays, Brigade Loco, Merina Gris, Zeker, Kiliki, Naxker, Marte Lasarte, EH Sukarra, Non Servium, Les Testarudes, Neomak, Nafarroa 1512 eta Ez Ez Ez. Eta beste hauek Plateruenean: Chicabeat & Rockyviolencia, Matah, Labar, Adur, Sembrando Kaos, DJ Pibikens eta Kene.mp3

Larunbateko txartelak erosgai daude Bibe atarian. Baita Ruper Ordorikaren emanaldirako sarrerak ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!