40 Minutu Rock elkartasun jaialdia otsailaren 21ean itzuliko da Landako Gunera, puntako musika taldeak lagun. Alabaina, bezperarako ekitaldi berezia antolatu dute, otsailaren 20an kontzertu berezia eskainiko du-eta Ruper Ordorikak, Plateruenean. Aretoko ateak 19:00etan zabalduko dituzte, eta ekitaldia egingo dute 19:30ean. Behin hori amaituta, Ruper Ordorika 21:00etan igoko da agertokira bere bandarekin.
Ruper Ordorikaren kontzerturako sarrera fisikoak Intxaurre kultur elkartean eros daitezke; Internet bidezkoak, berriz, Bibe atarian. Era berean, 40 Minutu Rock jaialdirako sarrerak eskuragarri daudela gogorarazi dute antolatzaileek. Zea Mays, Brigade Loco, Merina Gris, Kiliki, Zeker, Naxker, Marte Lasarte, EH Sukarra, Non Servium, Les Testarudes, Neomak, Nafarroa 1512 eta Ezezez taldeak ariko dira Landako Guneko eszenatoki handietan. Karpa txikian, ostera, Chicabeat & Rockv Violencia, Matah, Labar, Adur, Sembrando Kaos, DJ Pibikens eta Kene.MP3 ariko dira.
40 Minutu Rock jaialdiak hamargarren aldia izango du. Urtero legez, euskal presoen eskubideen alde egiteko baliatuko dute aurtengo hitzordua.