Durangoko Udalak martxan ipini du gura bako bakardadean dauden herritarrei laguntzeko programa. Sei behargin kontratatu ditu: bost laguntzaile eta kudeatzaile bat. Emakumeak guztiak. Eta hori horrela, datozen sei hilabeteetan, behargin horiek ingurune sozialarekin konektatzen lagunduko diete isolamenduan daudenei. Eguneroko kontuak izango dituzte ardatz. Erosketak egitera, medikuarenera edo ibilaldiak egitera lagunduko diete, baita kultur ekitaldietara joaten ere. Halaber, udalak azpimarratu du programaren helburua ez dela etxeko zaintzarik edo osasun arretarik eskaintzea. Halako beharrizanen bat detektatuko balitz, kasuak baliabide espezializatuetara bidaliko lituzkete.
Programa Durangon erroldatutako 18 urtetik gorako pertsona guztiei zuzenduta dago. Eskaintzen den arreta konfidentziala eta doakoa da, eta hasiera batean sei hilabeteko iraupena izango du. Eskatzaile bakoitzaren kasua banan-banan baloratuko dute, "pertsona bakoitzaren egoerara egokitutako helburu errealistak finkatzeko".
Informazio gehiago gura dutenek Ane Fernández koordinatzailearekin jar daitezke harremanetan (688884728 eta afernandez@durango.eus)