Durangoko Udalak iraupen luzeko langabezian dauden sei herritar kontratatuko ditu, gura bako bakardadean bizi diren herritarrak laguntzeko. Sei beharginetako bostek laguntzaile rola izango dute. Hau da: aurrez aurre esku hartuko dute bakardadean bizi direnekin, eta sare komunitarioak sortzen eta autonomia garatzen lagunduko diete horiei. "Izan daiteke erabiltzaileari elkarteek antolatzen dituzten ekintzen berri ematea, ekitaldietara joaten laguntzea, beste lekuren batera joaten laguntzea, baten batekin hartu emanetan ipintzea. Azken finean, beharginek sare komunitarioak sortzea eta akonpainamendu emozionalean laguntzea izango dute betebehar", azaldu du Arantza Maiztegi Durangoko gizarte ekintzako teknikariak. Horri guztiari jarraipena egiteaz beste langile bat arduratuko da, seigarrena. Koordinatzaile rola izango du horrek. Udalak zehaztu duenez anitza da sei langile horien profila. Nagusiak dira batzuk, migranteak beste batzuk, baina izendatzaile komuna ageri dute denek: guztiak izango dira 45 urtetik gorako emakumeak.
Jesica Ruiz zinegotziak iragarri duenez, gura bako bakardadean dauden 18 urtetik gorako herritarrak lagunduko dituzte zerbitzuagaz: "Izan daitezke desgaitasunen bat dutenak, migranteak, helduak zein gazteak... gura bako bakardadeak adin guztietan eragiten du-eta". Urtarrilaren amaieran aktibatu gura dute proiektua, aurretiaz beharrezko lanketa guztiak eginda. Lehenengo, langileak kontratatuko dituzte. Gero, urtarrilean, formakuntza eskainiko diete, eta, azkenik, urtarrilaren 26an, lanari ekingo diote.
Zerbitzua erabili gura duten durangarrek zabalik dute eskaria egiteko epea. Nahikoa izango dute gekintza@durango.eus helbidera idaztea edo Adinekoen Zentroan (Astarloa), tokiko elkarteekin edo ikastetxeekin hartu emanetan ipintzea.
Lanbiderekin lankidetzan
Gura bako bakardadeari aurre egiteko proiektua udalaren Enplegu Planaren zati da, Lanbideren bitartekaritzagaz kudeaturikoa. 75.000 euroko dirulaguntza jarri du Lanbidek, eta eta kopuru horri 3.638 euro gehitu dizkio Durangoko Udalak. Zerbitzuak sei hilabeteko iraupena izango du. Hala ere, Lanbideren hurrengo deialdian proiektua atzera ere martxan ipintzea aurreikusi du udalak.