Bizkaiko Birako etapa berria otsailaren 15ean izango da, Lanestosatik hasita

Anboto 2026ko otsailaren 3a

Bizkaiko Biran bisitatuko duten inguruetako bat, Karrantzan.

Alpino Tabira mendi klubak hainbat irteera antolatu ditu otsailean zehar.

Irteera bat Bizkaiko Birari dagokio. 2024an hasi zuten ekimeneko hurrengo etapa otsailaren 15ean izango da. Iaz Lanestosara heldu ziren eta aurten handik abiatuko dira Burgosko Hornes herrixkara heldu arte. Izen ematea otsailaren 5ean irekiko dute, klubaren ohiko ordutegian.

Txitxiburduntzi Eguna eta sagardotegia

Ohiturari jarraituz otsailaren 8an Txitxiburduntzi Eguna ospatuko dute Momoitioko San Juan inguruko parajeetan. Aurretik baina, gose apur bat egiteko, 7 kilometro inguruko ibilbidetxo bat prestatu dute, 09:00etan Uribarriko Andra Mariko elizpetik irtengo dena. Eguraldiak lagunduz gero, ibilbidean Garaiko edo Etxeitako arte famatua bisitatzeko aukera egongo da.

Beste klasiko bat sagardotegirako irteera da, aurten otsailaren 21ean egingo dena. Oraingo honetan Gipuzkoara joango dira, Elgoibar eta Azpeitia arteko GR 285 ibilbidea jarraituz, eta Izarraitz mendilerroa eta bere gailur esanguratsuak bisitatuz. Izen-ematea otsailaren 10ean hasiko da.

Baqueira Beretera irteera

Otsaila elurretan agurtuko dute, otsailaren 27tik martxoaren 1era Baqueira Beretera antolatu duten asteburu pasarekin. Bertan eskiko kirol ezberdinekin gozatzeko aukera egongo da. Izen-ematea otsailaren 19an hasiko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!