Durangoko guraso talde batek sinadura bilketa hasi du Jolas Libreko Gunearen harira. Kexu dira, beren esanetan, aurreko aldietan baino "espazio gutxiago" eta "jolas gutxiago" dagoelako, eta eremuari eskainitako edukiera "handiegia" delako. "Zerbitzua bigarren moduluan eskaintzen zenean 300 bat lagunentzako lekua zegoen. Alabaina, jolaslekua hirugarren modulura mugitu dute, leku nabarmen txikiago batera, eta antzeko edukiera mantendu, 290 pertsonakoa", azaldu du Nerea Elexpe ama durangarrak. Kokaleku berriak "deserosotasuna eta segurtasun arazoak" sortzen dituela diote guraso taldeko kideek. "Txikienentzat batez ere".
Hori dela eta, guraso taldeak sinadura bilketa hasi du udalari "erreklamazio orri bateratua" aurkezteko. Jolas Libreko Gunea "ahal den guztietan" modulu handiago batean, lehenengoan edo bigarrenean, atondu dezaten eskatu gura dute. Gurasoak jolas parkeko sarreran egongi dira, bihar, urtarrilak 30, 17:00etatik 18:00etara, sinadurak batzen.
Durangoko Udalak urtarrilaren 19an ipini zuen martxan Jolas Libreko Gunea. Landako Guneko hirugarren moduluan atondu zuen, Musika Eskolara ematen duen aldean. 16:15etik 20:00etara dago zabalik, egunero, maiatzaren 17ra bitartean.