Eraikina botatzeak 237.700 euroko aurrekontua du, eta botatze-lanek bi hilabete inguru iraungo dute. Jarduketak egoera txarrean dauden instalazioei eragingo diete, hala nola igerileku estaliari eta aldagelari. Horien ordez, "azpiegitura moderno, irisgarri eta funtzionalak" eraiki gura dituzte, tartean ur-arazketarako instalazio berria.
Mireia Elkoroiribe alkateak azpimarratu duenez, proiektu hau "mugarria" da Durangoko kirol azpiegiturentzat, egungo instalazioek dituzten egiturazko akatsak konpondu eta herritarren zein kirol kluben beharretara egokitutako guneak eskainiko dituelako.
Tabirako kirolgunea berritzeko proiektuak 5 milioi euroko inbertsioa izango du. Eraikina botatzearekin batera, iragazte-gela eta transformazio-zentroa aldatuko dituzte lekuz. Obrak hainbat fasetan egingo dira, eta aurreikuspenen arabera, instalazio berriak (aldagela eta multikantxa berriak, kafetegia eta futbol-zelai berria barne) 2026 amaieratik 2027 hasierara bitartean jarriko dituzte martxan.