Tabirako kirolgune berriaren ezaugarriak, obrak eta epeak aurkeztu dituzte

Anboto 2025ko eka. 12a, 14:36

Durangoko Udalak legegintzaldi honetako proiektu garrantzitsu eta estrategikoenetako bat aurkeztu du: Tabirako kirolgunearen eraldaketa integrala. Udalak 5 milioi euroko inbertsioa egingo du erabilera anitzeko kantxa, aldagelak berritu eta taberna-kafetegia atontzeko. Kirolgune berritua 2027an egongo da guztiz berritua, aurreikuspenen arabera. 

Udal ordezkariek gaur egin dute proiektuaren aurkezpena. "Asmo handiko" eraldaketa izango dela azaldu dute, Durangoko herriari "lehen mailako kirol azpiegiturak eskaintzea" ahalbidetuko duena, eta herritarren, kirol taldeen, elkarteen eta eliteko kirolarientzat erabilgarri egongo dena.

Horretarako, hiru fasetan egingo dituzte eraberritze lanak. Lehenengo eta behin, egoera txarrean dauden eraikinak bota eta eraldaketa zentroa lekualdatuko dute. Fase horrek irailetik urte amaierara arteko epealdia hartuko du. Bigarren atala aldagela berriak eta iragazte-gela eraikitzea izango da. Lan-sorta horien artean kokatuko dituzte, hain zuzen ere, taberna-kafetegia eta uretako instalazioen funtzionaltasuna bermatzeko beharrezko azpiegitura. Kasu horretan, lanek irailetik 2026ko ekainera arteko tartea hartuko dute. Azkenik, hirugarren fasea dago, erabilera anitzeko kantxa eta futbol zelai berria eraikitzekoa. Fase horrek irailetik 2027 hasierara arteko epea hartuko du. Horrenbestez, kirolgune berritua 2027ko hasierarako prest izatea gura du udalak.

Ezaugarri nagusiak

Eraldaketaren atal garrantzitsuenetako bat egiturazko arazoak dituzten egungo eraikinak botatzea izango da, hala nola igerileku estalia eta erabilera anitzeko kantxako aldagelak. Eraikinok itxi egingo dituzte irailean, instalazio berriei lekua egiteko. 

Etorkizuneko futbol zelaia egungo harmailaren atzealdean kokatuko dute, eta futbolerako bakarrik barik, eremua beste kirol zein ekitaldi batzuk hartzeko atontzea gura dute, espazio gehigarri bat tarteko. Taberna-kafetegiari dagokionez, zerbitzua urte osoan zehar eskaini ahal izatea gura du udalak. Hori guzti hori egiteko, udalak 5 milioi euroko inbertsio globala egingo du. Adibidez, lanen lehenengo fasean, 300.000 euro erabiliko dituzte eraikinak botatzeko eta 320.000 euro transformazio zentroa birkokatzeko. 

Gobernu taldeko kideek azaldu dutenez, proiektuak "kirola osasun eta ongizate eragile gisa sustatzeko" asmoari erantzuten dio, hau da, gobernu taldearen "apustu argiari". Era berean, proiektuak "Durangoko garapen sozial eta ekonomikoan" lagunduko duela azpimarratu dute, eta eliteko kirolariak, zaleak zein adin guztietako pertsonei begirako zerbitzuak hartuko dituela iragarri. 

ESANAK:

Mireia Elkoroiribe (Durangoko alkatea): "Gure legealdiko proiektu garrantzitsuenetako baten aurrean gaude, eta gobernu talde honek Durangoren etorkizunarekin duen konpromiso irmoa islatzen du. Tabira Kirolgunearen eraldaketak gure kirol instalazioak hobetzeaz gain, kirola sustatzeko ardatza ere izango da. Azpiegitura berriekin, Durangok Euskadiko kirol instalazioen erreferente izatea bermatzen ari gara, kirolaren erdigune bihurtuz eta durangar guztien beharrei erantzuteko kalitatezko espazioak eskainiz."

Iker Txertudi (Durangoko kirol zinegotzia): "Tabira Kirolgunearen berrikuntzarekin, Durangok instalazio moderno eta funtzionalak izango ditu, gure kirol klubek hazten jarraitzeko eta kirola egin nahi duten durangarrei aukera berriak eskaintzeko. Futbol zelai berria eta multikantxa eraikitzeak oinarrizko kirola indartuko du, gazteentzako eta familientzako aukera gehiago eskainiz. Durangon kirolaren etorkizuna hasi da."

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!