Larrasoloeta, Komentukale eta Kurutziaga kaleen arteko orubea itxura berria hartzen dabil apurka-apurka. Birjinoste inguruak 112 etxebizitza berri izango ditu laster: libreak izango dira horietariko 90, eta udalak tasaturikoak beste 22. Gaur, udal ordezkariek azken horietako hiru etxebizitza bisitatu dituzte, Grupo Eibar higiezinen enpresako ordezkariak lagun. Era berean, 22 etxe tasatuen zozketa publikoa datorren eguenean egingo dutela iragarri dute, hilak 22. San Agustinen egingo dute, 18:00etan. Guztira, 342 herritar daude zozketan izena emanda.
Gainerakoan, Birjinoste inguruan kale berri bat sortuko da: Zesteruena kalea, garai bateko baserriaren omenez. Eta inguru horretan, udalaren eskumeneko orube bat geratuko da libre, etorkizunean 39 etxebizitza sozial egitea ahalbidetuko diona.