Alde Zaharrean patinete elektrikoak debekatzea eskatu du DAZek

E.H. 2026ko urtarrilaren 14a

Durangoko Alde Zaharra elkarteko kide batzuk.

Arrisku eta istripu egoerak sortzen direla eta, ordenantzako atal bat moldatzea eskatu diote udalari, Alde Zaharreko oinezkoen eremu osoan patineteen erabilera debekatzeko. 

Alde Zaharreko oinezkoen eremuan patinete elektrikoen erabilera debekatzea eskatu du DAZek. Elkarteak dioenez, gidariak "gehiegizko abiaduran" dabiltza Alde Zaharreko kaleetan, "egoiliarren etxebizitza atarietatik gertu" askotan, eta "ez dute nondik doazen begiratzen". Gainera, gidariek "sigi-saga" eta "ausarkeriaz" zirkulatzen dutela diote, eta horren eraginez, istripuak sortu ohi direla. 

Hori horrela, DAZek udalari zuzendu dio mezua: eskuartean daukan ordenantza moldatzea eta araudi horretako atal bat aldatzea eskatu dio Durangoko Udalari. Zehazki, ordenantzako 8-b atala aldatzea. Izan ere, elkarteak dioenez, puntu horrek patinetetik jaistera eta oinez jarraitzera behartzen ditu gidariak, oinezkoen prsentziak zirkulatzea ahalbidetzen ez duen kasuetan. Era berean, oinezkoak sigi-sagaka aurreratzea debekatzen du araudiak, baita hamar kilometro orduko abiaduratik behera zirkulatzea behartu ere. Alabaina, "egunerokotasuna eta errealitatea" bestelakoak direla iritzita, DAZek dio neurri horiek kontrolatzea "zaila" dela, eta oinezkoentzako "arrisku egoerak" sortzen dierela. Horregatik guztiagatik, patineteen erabilera goitik behera debekatzea eskatu du Alde Zaharreko oinezkoen gunean. 

Halaber, eskaria aintzat hartzen ez bada, elkarteak jarraipena egingo dio patineteen ordenantzari, bertako atal guztiak betetzen direla ziurtatzeko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!