Durangoko Udalak ordenantza berri bat onartu du udalerriko patineteen zirkulazioa, elektrikoena zein arruntena, arautzeko. Araudian jaso dutenez, patinete gidariek debekatuta izango dute herriko espaloietan eta parkeetan zirkulatzea, eta abiadura mugak errespetatu beharko dituzte baimendutako eremuetan. Oinezkoentzako guneetan ezingo dute 10 kilometro orduko abiadura muga igaro, eta bizikleta bidegorrietan, 15 kilometro orduko abiaduratik behera ibili beharko dute. Era berean, segurtasunari loturiko beste hainbat ezaugarri ere jaso dute arauan. Bidaiariek kaskoa eta argiak erabilita zirkulatu beharko dute, eta pertsona bakar batek baino ezingo du bidaiatu ibilgailu gainean. Era berean, entzungailuak erabilita eta alkoholaren zein drogen eraginpean gidatzea guztiz debekatuta egongo dela gogorarazi du udalak. Azkenik, adinari begirako ezaugarri bat ere zehaztu dute: patinete erabiltzaileek 14 urtetik gorakoak izan beharko dute.
Lehenengo aldia da Durangon era honetako ibilgailuak arautzeko ordenantza bat sortzen dela. Udalak "mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen erabilera gero eta handiagoa" delako hartu du neurri hori, "segurtasuna, espazio publikoko ordena eta pertsona guztien eskubideak" zaintzeko helburuz. Asteon egindako osoko bilkuran eman diote hasierako onarpena araudi berriari. Erabakiaren alde egin zuten EAJk, PSE-EEK eta PPk; abestenitu egin zen EH Bildu, eta kontrako botoa eman zuen Herriaren Eskubideak.
Arauak eta isunak
Oinezkoei eragozpenak eragitea saihesteko, patineteak bizikletentzako eta motorrentzako guneetan aparkatu beharko dira. Eta espaloietan aparkatzekotan, ezinbestekoa izango da hiru metroko zabalera bermatzea eta zintarritik metro birako distantzia errespetatzea. Halaber, debebekatuta egongo da patineteok eraikin publikoetako, ikastetxeetako, osasun zentroetarako, zamalan eremuetako, garraio publikoko geltokietako eta taxietarako sarbideetan lagatzea, eta baita hiri altzarietan, bankuetan, markesinetan zein trafiko seinaleetan uztea ere.
Durangoko Udalak iragarri duenez, Udaltzaingoak patineteak erretiratu ahalko ditu, bide-segurtasunari arriskua eragiten badiote, gidariak alkoholaren edo drogen eraginpean baldin badaude edo ibilgailuek beharrezko baldintza teknikoak betetzen ez badituzte.
Herritarrak sentsibilizatze aldera, kanpaina informatiboak egingo dituzte. Hasierako hilabeteetan, zigorrik bako probaldia egongo da martxan, eta behin epe hori amaituta, arau hausteen araberako isunak ezarriko dituzte. Udalak aurreratu duenez, arau hauste arinek 100 euroko isuna izango dute. Horien artean egongo dira gutxieneko adinik barik edo argirik barik gidatzea eta beste bidaiariren batekin zirkulatzea. Arau hauste larriak, berriz, 200 euroko isunagaz zigortuko dituzte. Aurikularren erabilera, debekatutako eremuetatik gidatzea edo "zabarkeriaz jokatzea" zigortuko dute modu horretan. Azkenik, arau hauste oso larrien kasua dago, hala nola alkoholaren edo drogen menpe zirkulatzea. Kasu horretan, udaltzaingoak 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isunak ipini ahal izango ditu. Adingabeen kasuan, beren tutore legalek izango dute erantzunkizuna.