Umeentzako "ganorazko" jolas gunea eskatzeko elkarretaratzea egingo dute Durangon

Anboto 2026ko urtarrilaren 10a

Durangoko guraso talde batek deituta egingo dute protesta bihar, 12:00etan, Ezkurdiko parkean. Bertaratzera deitu dute.

Durangoko guraso talde batek urte osoan erabilgarria izango den "jolas gune duin" bat aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu du biharko Ezkurdin. "Udaletik esan ziguten urtarrilaren 14an irekiko zutela Jolas Libreko Gunea Landako Gunean. Baina, ez dugu inolako baieztapenik izan", jakitera eman dutenez. Azaldu dutenez, Herritarren Arretarako Zerbitzura jo dute, eta bertan esan diete balitekela urtarrilaren 19an irekitzea. "Baina, berandu da. Gure umeek ezin dute gehiago itxaron", nabarmendu dutenez. Egoera horren aurrean mobilizatzea erabaki dute. Ezkurdiko parkean batuko dira, bihar, 12:00etan.

Iazko urtarrilaren amaieran, Durangoko ama talde batek Landako Guneko jolaslekuari buruzko proposamen bat helarazi zion udalbatzarrari. Aho batez onartu zuen udalak eskaria. Orduan azaldu zutenez, eguraldiak laguntzen ez duen egunetan, udalerrian ez daukate "umeekin batera, kalean, babesean egoteko azpiegitura egokirik", eta ordezkari politikoei eskatu diete aterperako "eremu egoki, seguru eta irisgarriak topatzea", bai "familiak elkarrekin batu daitezen", baita "jaioberriak edoskitzeko aukera izan dezaten" ere. Horren aurrean, Landako Guneko jolas eremua urriaren 1etik maiatzaren 31ra arte zabalik egotea proposatu zuten. Egoeraren magnitudea ulertzeko, guraso taldeak datu hau jarri zuen politikarien mahai gainean: "Eustaten datuen arabera, 0-5 urte bitarteko 1.200 ume dago Durangon".  

Durangoko Udalari irtenbide bat eskatzen jarraituko dutela berretsiu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!