Jolas Libreko Gunearen egutegia zabaltzea eskatu diote Durangoko udalbatzari

Ekaitz Herrera 2025ko urt. 29a, 18:40

Durangoko ama talde bat udaleko osoko bilkurara joan da arratsalde honetan, ordezkari politikoei Landako Guneko jolaslekuari buruzko proposamen bat helaraztera. Udalbatzak aho batez onartu du eskaria.

Nerea Elexpe zuzendu da ordezkari politikoengana, baina ama durangarra ez da bakarrik egon. Aldamenean izan ditu udalerriko beste hainbat ama, eta eskuan, Durangoko Gurasoak plataformak sinatutako idatzia (gaur gaurkoz 40 bat guraso daude plataforma horren baitan batuta). Izan ere,  guraso taldeak ez du bere kezka ezkutatu: eguraldiak laguntzen ez duen egunetan, udalerrian ez daukate "umeekin batera, kalean, babesean egoteko azpiegitura egokirik", eta ordezkari politikoei eskatu diete aterperako "eremu egoki, seguru eta irisgarriak topatzea", bai "familiak elkarrekin batu daitezen", baita "jaioberriak edoskitzeko aukera izan dezaten" ere.

Alde horretatik, guraso taldeak Landako Guneko jolas eremuan egin du azpimarra: "[Hango] jolas eremua urriaren 1etik maiatzaren 31ra arte zabalik egotea proposatzen dugu", eskatu dute (gaur gaurkoz, udalaren aurreikuspenen arabera, zerbitzua urtarrilaren 18tik otsailaren 9ra eta martxoaren 14tik apirilaren 27ra egongo da erabilgarri). "Ulergarria da azpiegitura beste hainbat ekitaldirekin partekatzea, baina eraikina bere osotasunean erabiltzen ez den ekitaldietan, jolas eremuak erabilgarri egon beharko lukeelakoan gaude", azaldu dute. Bestalde, Landako Gunean azpiegitura osoa hartzen duen ekitaldiren bat dagoenean, aterperako alternatibak topatzera gonbidatu dute udala: "Etorkizuneko proiektuetan, merkatu plaza eraberritzeko proiektuan, esaterako, garrantzitsua litzateke arazo hori kontuan hartzea, erabilera anitzeko pabilioia erabilgarri ez dagoen kasuetarako".

Egoeraren magnitudea ulertzeko, guraso taldeak honako datu hau jarri du politikarien mahai gainean: "Eustaten datuen arabera, 0-5 urte bitarteko 1.200 ume dago Durangon".  

ESANAK:

Durangoko ordezkari politiko guztiek onartu dute eskaria, aho batez: bost alderdi politikoek eta 21 ordezkariek. Era berean, gobernu taldeak arazoari konponbidea emateko "konpromisoa hartu" du.

Juanan Bueno (EH Bildu): Laguntzeko prest gaude. Funtsezkoa deritzogu aisialdia sustatzeari eta Jolas Libreko Gunea familien topaleku izateari. Geure burua eskaintzen dugu, udal gobernu taldea elkarlanerako prest badago, harekin batera, arazoari irtenbidea emateko".

Paule Sanchez (EAJ):  "Argi daukagu irtenbide bat ahalbidetu behar dugula, baina horrek ere baditu bere erronkak, hala nola aforoaren kontrola eta garbiketa. Baiezkoa emango diogu zuen eskariari, baina irtenbidea egun batetik bestera eman ezingo dugula jakitun. Bestalde, eskolekin eta udaletik haragoko azpiegiturekin berbetan gabiltza, alternatibak topatzeko".

Jesica Ruiz (PSE-EE): "Hobekuntzen alde egingo dugu lan, eta horrenbestez, zuen proposamenaren alde egingo dugu. Beharbada, jolas eremua zuek eskatutako denbora tarte guztian martxan ipintzea ezinezkoa izango da, askotariko ekitaldiak daude-eta denbora tarte horretan. Adibidez, Durangoko Azoka eta Gabonetako izotz pista. Edozelan ere, zerbitzua hobetzeko egingo dugu lan".

Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Zuen proposamenaren alde egingo dugu. Halaber, gogoratu gura dugu 2019-2023 legegintzaldian, gobernuan geundela, hasi ginela umeentzako eremu publikoak berreskuratzeko programa garatzen. Egindako bideak honaino ekarri gaitu". 

Carlos García (PP): "Ados nago proposamenarekin, Landako Gunea zukutze horrekin. Gure alderdiaren proposamena ere bada udalerrian umeentzako txintxaun eta jolas eremu gehiago ipintzea. Ez dut uste zuen proposamenak gehiegizko kosturik ekarriko dion udalari. Proposamen hori guraso eta familia guztientzat da onuragarria".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!