Durangoko herritar batzuek Gongo sortu dute, Bizkaiko merkatariei bezero berriak erakartzen eta dendak digitalizatzen lagundu gura dien aplikazioa. Opariak egiteko eta jasotzeko modu tradizioanala "irauli" gura dute tresna berriagaz, hau da, erabiltzaileei tokiko dendetako produktu edo zerbitzu zehatzak erosteko eta beste pertsona bati bidaltzeko aukera eskaintzea: "Taldea osatzen dugun pertsonen esperientzia pertsonaletatik sortu zen Gongo", azaldu du Mikel Lupiañez proiektuko zuzendariak. "Lagunak zerbaitetara modu erraz eta hurbilean gonbidatzeko tresnaren baten falta sumatzen genuen, eta ikusi genuen teknologia tresna indartsua izan daitekeela lotura horiek berreskuratzeko eta, aldi berean, gure auzoetako eta herrietako dendei laguntzeko", azaldu du.
Hori horrela, erabiltzaileek aplikaziora atxikitako denden katalogoa izango dute eskura, eta oparitua izateko moduko esperientziak topatuko dituzte bertan, izan gosari, artisau-garagardo, masaje edo liburu. Erabiltzaileak, ordainketa egin ondoren, QR kode bat jasoko du, eta QR hori bidali ahalko dio whatsappez, oparia jasoko duen pertsonari. Onuradunak dendara joan eta kodea erakutsi besterik ez du egin beharko.
Proiektuaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, merkatariek doan egon ahalko dute plataforman: "Ez dute komisiorik ordaintzen salmenta bakoitzeko, eta produktuaren edo zerbitzuaren balio osoa jasotzen dute. Gongok kudeaketa-tarifa txiki bat soilik gehitzen dio oparia egiten duen erabiltzaileari," argitu dute.
Aplikazioa Durangon testatu dute, merkaturatu aurretik. Proba pilotu bat egin zuten, eta horrek "emaitza oso positiboak" eman zituela eta, aplikazioa erabiltzeko moduan dago jada. Android eta iOS sistema eragileetan erabili daiteke.