[BIDEOA]: "Herritarren inplikazioa erabatekoa da JAEDegaz"

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 13a

JAEDek 62 urte egin ditu lanean etenik barik, era boluntarioan. Esti Zurikaraik bazkide egitera deitu ditu herritarrak, horrek elkartea egonkortu egingo lukeelako. 

JAEDek 60 urte baino gehiago ditu. Ibilbide mardula du.
Durangar batzuek sortu zuten elkartea, premia larrian zeudenei laguntzeko, eta zeregin horregaz jarraitu dugu urte hauetan guztietan. Bulegoan lan egiten dutenek aurrez aurreko arreta eskaintzen diete hona datozenei, euren beharrizanak aztertzen dituzte. Gero, elkarteko beste kide batzuk poltsak prestatzen ditugu beharrizan horien arabera. 

Zer eskaintzen duzue poltsetan?
Olioa, tomatea, pasta, arroza, lekaleak, barazkiak, jogurtak,... oraintsu sardina latak eta barazki potoak sartzen hasi gara, eta orain urtebete pasatxo higiene produktuak sartzen hasi ginen; komuneko papera, haginetako pasta eta dutxarako xaboia, besteak beste. Gero, urtean birritan, paperezko mukizapiak, sukalderako papera eta hortz eskuilak banatzen ditugu. Urte bira arteko umeen kasuan, pixoihalak, edoskitze esnea eta umeentzako zerealak ere banatzen ditugu.

Durangoko eta Iurretako zenbat herritarri laguntzen diozue?
Urtean zehar, batez beste, 180-200 herritarri.

Zenbaki horrek gorabeherarik izan du azken urteotan?
Urtetik urtera antzerako kopuruekin gabiltzala esango nuke. Batzuk, lana topatu dutelako edo, joan egiten dira gure zerrendatik. Baina berriak ere etortzen dira, aldi berean. Horrenbestez, oreka horretan gabiltza, kopuru horietan.

Zein da laguntza eske datorrenaren profil nagusia?
Latinoamerikako herritarrak ditugu: kolonbiarrak, peruarrak... Afrikarrak ere bai. Eta hemen jaiotakoak ere baditugu, betidanik durangarrak izan direnak. 

Laguntzak asterokoak dira?
Bai, asterokoak. Eskatzaile bakoitzak egun zehatz bat dauka poltsa jasotzeko. Zenbaki bat izaten dute eta beharrezko identifikazioak aurkeztu behar izaten dituzte poltsa jasotzeko. 

Zelakoa da durangarren eta iurretarren elkartasuna?
Oso herri solidarioak dira. Guztiz inplikatzen dira JAEDegaz; gazteak ere bai. Izan ere, Juan Orobiogoitia ikastetxeko ikasleak boluntario lanetara etortzen dira eskola orduetan guri laguntzeko. Astelehenetan talde bi etortzen dira. Astelehenetan, poltsak prestatzen ditugu, gero martitzenetan eta eguenetan banaketa egiteko. Talde bitan banatzen gara. Gutariko batzuk kontserba, pakete eta kaxen biltegian egoten gara poltsak antolatzen. Beste taldea elikagai freskoen gelan egoten da, fruta, patata, arrautzak eta ortuariak prestatzen.

Zer esango zenieke herritarrei? 
Animatzeko eta bazkide egiteko. 15 euroren truke, herritarrek egonkortasun handia eskainiko diote JAEDi. Lagungarria izango zaigu hemen lanean gabiltzanoi aurrera jarraitzeko. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!