JAED elkarteak iazko eragin soziala neurtu du. 2024an, Durangoko eta Iurretako 904 herritarri lagundu zieten urteko momenturen batean, horiei oinarrizko elikagaiak emanda. Hilean 179 familia eta 409 pertsona izan ziren, batez beste. Izan ere, elkartera laguntza eske datozenen altek eta bajek gorabeherak izaten dituzte denboran zehar. "Batzuk elikagaiak jasotzen hasten dira, baina lana topatzen dute gero eta aldatu egiten zaie egoera", azaldu du Susansa Lorenzo elkarteko arduradunak. Elkarteak 109.327 kilo elikagai banatu zituen guztira. Elikagaien zatirik handiena, 78.227 kilo, JAEDek berak erosi zuen, finantziazio bide propioak erabilita. Gainerakoak, 31.100 kilo, Bizkaiko Elikagaien Bankuko eta saltoki txikien dohaintzetatik jaso zituzten.
Laguntza jasotzen duten herritarren jatorriari dagokionez, aniztasun handia dago. Kopururik handiena Latinoamerikako herrialdeetakoa da: jatorri kolonbiarreko herritarrek (223 pertsona) eta boliviarrek (120) agertu zuten zaurgarritasunik handiena, eta eskatzaileen artean koska bat beherago kokatu ziren marokoarrak (95 herritar) eta nigeriarrak (59). Espainiako hiritartasuna zuten eskatzaileak 55 izan ziren, eta beheragoko kopuruetan identifikatu zituzten malitarrak (43), nikaraguarrak (26), errumaniarrak (23) zein brasildarrak (6). Guztira, 32 herrialdetako bizilagunek jo zuten JAEDera elikagai eske.
Zaurgarritasunaren profila
Herritarrek arrazoi bat baino gehiago dute elkartera laguntza eske joateko. Motiborik argiena eta ohikoena baliabide ekonomiko urriak izatea da, eta hor profil jakin bat nagusitzen da: emakumeena. Kasurik gehienetan ama ezkongabeak dira laguntza eskatzaileak, baita seme-alabaren baten ardurapean dauden emakume bananduak ere. Familia unitate asko ama monoparentalek osaturikoak izan ziren (96 kasu).
60 urte baino gehiago
JAED elkartea 1963an sortu zen. Eusko Jaurlaritzak Onura Publikoko Elkarte izendatu zuen 1994an, "modu jarraituan eta era desinteresatuan egiten duen lan sozial garrantzitsuagaitik". Durangoko eta Iurretako udalekin esku hartzen du, Mankomunitateagaz ere bai, eta aliantzak ditu baita Gurutze Gorriagaz eta Caritasegaz ere. Elkarteak 110 bazkide kolaboratzaile baino gehiago ditu, eta inguruko supermerkatuen dohaintzak ere jasotzen ditu.
JAEDen lan solidarioa, datuetan
Banatutako elikagaiak, kilotan. JAEDek 109.327,69 kilo elikagai banatu zituen 2024an. Elikagai horien gehiengoa elkarteak berak eskaini zuen, bere baliabide propioekin finantzatuta. Gainerakoak Bizkaiko Elikagaien Bankuko dohaintzak izan ziren, JAEDek kudeatu zituenak.
Laguntza jasotzen dutenak, herrialdeka. Iaz, 32 herrialdetako bizilagunek jaso zituzten oinarrizko elikagaiak JAEDen eskutik. 904 herritarrek, guztira. Grafikoan, herrialde nagusiak ageri dira. Ez denak.
Umeak tartean daudenean. Elkartera laguntza eske jotzen duten askok umeak dituzte. Familia mota horietan, emakume monoparentalak dira nagusi (96). Umedun bikoteak apur bat gutxiago izan ziren (91). 22 umerik bako bikoteak ziren, eta 6 gizonezko monoparentalak.