Landako Gunetik abiatuta, EHEen manifestazioan euskararen aldarria ozen entzun da Durangon. Mobilizazioko hizlariek mezua helarazi diete politikariei: "Euskararen zapalkuntza estrukturala izanik, agintari politikoek ardura berezia duzue, eta hizkuntza-politika ausartak egitea eta benetako eztabaidak zabaltzea dagokizue". Alderdi abertzaleei bereziki dei egin diete. "Orain egiten duzuena baino askoz gehiago egin zenezakete, jarri euskara erdigunean, egin politika euskaltzaleak! Mundu mailako dinamika ere ez dugu aldeko. Euskal Herria ez da irla bakandu bat eta ondorioz, kapitalismoak eta globalizazioak eraginda, gero eta bortitzagoa den homogeneizazio prozesuak erasotzen gaitu", gehitu dute EHEko hizlariek.
Era berean, euskararen defentsan, elkarlanera deitu dute: "Bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokan dihardugunon arteko aliantzak indartzea dagokigu, desio dugun Euskal Herri askea eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko. Bide horretan, euskara zentrala izango da; askapenerako, batasunerako eta justiziarako nahitaezkoa, egungo sistemaren zapalkuntzak borrokatu eta gainditzeko ezinbesteko baliabidea."