Su Ta Gar 2000-2024 fanzinea ia 25 urteko bilduma da. Azoka alternatiboan ipiniko duzu salgai.
Musika kritikari gisa taldeari buruz nuen material osoaren bilketa izan behar zuen hasieran, baina ia 25 urteko ibilbidearen bilduma osatzea erabaki nuen. 2000tik 2009ra arteko guztia berria da, fanzinerako idatzitakoa. Maia Noiak egin ditu azala eta kontrazala. Fanzinea azoka alternatiboan egongo da; modu ona iruditzen zait zikloa ixteko.
Zein izan zen zure lehenengo hartu-emana Su Ta Garregaz? Gogoan duzun momentu bat?
Oiartzunen, 14 urte nituela. Izugarria izan zen. Gazteak ginen eta ez genuen thrash metalaren mundua ezagutzen. Heavy metal talde baten soinua zuten, eta, gainera, euskaraz kantatzen zuten. Inpaktua berehalakoa izan zen. Geroago, Mikel Laboaren omenezko diskoa etorri zen: Txerokee. Taldeak Haika Mutil abestiari buelta eman, eta brutala bihurtu zuen. Heavy metal zale izan gabe ere, jarraitzaile sutsuak izan dituzte. Fenomeno bitxia da hori. 2009an Aitor Gorosabeli egindako lehen elkarrizketa oso gogoan dut. Bi-hiru ordu eman genituen berbetan, Bilboko taberna batean. Pertsona ezagutzea esanguratsua izan zen, zale eta kazetari gisa.
Zein ekarpen egin dute?
Erdal munduan zegoen heavy metalean euskara uztartu zuten, eta horrek eszena berri bat ekarri zuen: Euskal Heavy Metala. Ondarroako Gaztetxean eman zuten lehen kontzertua, 1988an, eta inpaktua bikoitza izan zen: ikusleena heavya euskaraz entzutean, eta taldekideena aurrean zituzten heavy peto-petoak euskaraz entzutean.
Su Ta Gar sasoiko dago oraindino?
Bai. 37 urteren ondoren, hor daude, maila ona emanez eta musikaz bizitzen. Urteak aurrera doaz eta diskoen kalitatea ez da jaitsi. Urtarrilean joko dituzten kontzertu bitako sarrerak agortuta daude (Jimmy Jazz eta Santana). Igual ez maila masiboan, baina arrakasta hor dago. Taldeak marka propioa du, soinu propio bat. 90eko hamarkadan egin zuen eztanda, eszena berria sortuz. Atzetik hainbat talde etorri ziren (Latzen, Asgarth...).
Abesti bat?
Beti aurrera, letragatik eta izan duen progresioagatik.
Zer zara gehiago, Su Ta Garren jarraitzailea ala musika kritikaria?
Kritikaria. Talde asko daude, oso onak. Anje Duhalde, Benito Lertxundi... eta Niko Etxarten zale amorratua ere banaiz.
Beste nori buruz egingo zenuke fanzinea?
Niko Etxart edo Akelarre. Baina lan handia eskatzen du.