Zelan mentalizatu zineten finalera begira?
Jon Gerrikabaitia: Finalera arte egindako bideak asko motibatu ginduten. Esaterako, Belgikaren aurka 64-0 irabazi genuen, eta Holandaren aurka 52-0. Puntu asko egin geuen, eta gutxi jaso. Selekzio horiek ez dira berez oso indartsuak, baina aurreko urteetan estuago hartu gintuzten; hau da, aurrekoetan gehiago kostatu zitzaigun eurei irabaztea. Horrek hauspoa eman zigun finalera begira.
Unax Carballo: Horrez gainera, esperantza ematen zigun beste aurrekari bat ere bazegoen: apirilean jokatutako torneo batean, Georgiaren parean edo eurak baino hobeto ibili ginen. Gainera, euren indarguneak eta ahulguneak ezagutu genituen. Apiriletik ideia bat geneukan buruan: Georgiari irabaztea. Hala ere, bagenekien aurkari gatxa izango zena, jokalari oso indartsuak eta handiak dituztelako.
Espainia-Georgia denek itxaroten zuten finala zen.
J.G.: Bai. Txapelketa hasi barik zegoela, entrenatzaileari Espainia-Georgia final posibleari buruz galdetzen zioten elkarrizketetan. Baina guk argi geneukan pausorik pauso joan behar genuena, faboritoen artean geunden arren.
Non egon zen finaleko gakoa?
U.C.: Euren aurrealdea oso indartsua da eta bagenekien eurei eustea garrantzitsua izango zena. Jokalari handiak direnez, argi geneukan plakaketetan azpitik heldu behar geniela, hanketatik eta orkatiletatik. Gero, mol indartsua dutenez, ahalik eta mol gutxien sortzen ahalegindu ginen.
Atsedenaldira atzetik joan zineten (5-3), baina bigarren zatiko entsegu batek bidea erraztu zizuen.
U.C.: Entseguak aldatu zuen gehien markagailua, baina lehenengo zatian ere, galtzen joan arren, denbora askoan euren zelaian egon ginen. Bigarren zatian, puntu batzuk lortu genituenean, lasaitu egin ginen. Partiduari buelta emateko denbora gutxi geratzen zela ikusten genuen.
J.G.: Normalean harro samarrak izaten dira eta lehenengo zatian, eurak aurretik joan arren, txikiagotuta ikusten genituen, partidutik irtenda lez. Horrek motibatu egin gintuen.
U.C.: Nik partidu erdi jokatu nuen eta zelairatu eta lasterrera min hartu nuen. Jokalari batek kolpe bat eman zidan koadrizepsean. Sufritu egin nuen, baina neukan dena ematen ahalegindu nintzen.
Orain ligan zentratuko zarete. Zelakoa izan da Gernikagaz orain arte bizi izan duzuen esperientzia?
J.G.: Oso ona. Biok salto handia eman dugu aurten: Durango Rugby Taldeko 18 urtez azpiko taldetik goragoko maila batean dabilen senior talde batera. Jokoa asko aldatzen da, biziagoa da, jokalariak handiagoak dira… Taldean lehiakortasun handia dago eta hori asko gustatzen zait, motibatu egiten nau.
U.C.: Niretzat ere oso esperientzia ona izaten ari da. Zuzendaritza berria dago, entrenatzaile eta jokalari asko ere berriak dira, baina talde batua sortu dugu. Familia bat gara.
J.G.: Taldean esperientzia handiko jokalariak daude, Hegoafrikako batzuk tarteko, eta asko laguntzen digute. Hobetzeko aholku eta gomendioak ematen dizkigute. Beste hainbeste gertatzen da entrenatzaileekin ere. Biok asko ikasten gabiltza.
Askotan jokatzen duzue?
J.G.: Oraingoz partidu askotan jokatu dut, bai, beti aulkitik irtenda. Batez beste, 20-30 minutuan jokatzen dut partiduko. Aurreko baten partidu erdi eman nuen zelaian, 40 minutu. Hasieran beldur nintzen jokatuko ez ote nuen; eta jokatzen nabilenez, pozik nago.
U.C.: Nik, normalean, titular jokatzen dut eta pozik nago. Fisikoki exigentea da, baina ondo daramat.
Gernika ez dabil boladarik onenean ligan azken asteetan. Zein da aurtengo helburua?
J.G.: Indartsu hasi genuen liga, baina gorabeherak izan ditugu, lesioengaitik eta. Orain berriro gorantz egin dugu. Esaterako, Kopan Lehenengo Mailan dabilen Santboi taldea menderatu genuen, eta joan zen asteburuan Valentziari irabazi genion. Ondo ikusten dut taldea. Igoerako kanporaketara sailkatzea da helburua, eta badugu aukera mailaz igotzeko.