"Halako azokek biharamun emozional handia dakarte"

Joseba Derteano 2025eko abenduaren 4a

Nekane Ortiz de Zarate, bere askotariko produktuekin.

Nekane Ortiz de Zaratek lehenengoz parte hartuko du Euskal Dendan, Otxandioko Harri Koskor proiektuagaz. Egunotan buru-belarri dabil lanean tailerrean, eskaintza zabala prest izateko. Adin guztiei begirako askotariko osagarriak eramango ditu. 

Pozik zaude Euskal Dendan parte hartzeagaz?
Oso pozik. Euskal Denda Euskal Herriko erakustokia da. Denok plaza horretan parte hartu gura dugu. Beraz, bai, oso pozik nago, eta urduri ere bai, ze azkenean gehiago ekoiztu behar duzu eta esku bi baino ez dauzkat, eta egunak 24 ordu.

Ekoizpenean buru-belarri sartuta ibili zara?
Bai, eta, gainera, lehenengo aldia izanda, ez dakizu zenbat ekoiztu behar duzun ere. Nire beldurrik handiena gauza barik geratzea da. Azken egunean datorren bisitariak postuan nire produktuen sorta zabal bat aurkitzea gura dut. Orduan, josi eta josi nabil, bai.

Zer aurkituko dugu Harri Koskorren standera bagoaz? 
Familia guztientzat oihalezko osagarriak egiten ditut, bai umeentzat bai adin guztietako jendearentzat. Berez, haurdun geratu nintzenean, alabarentzat gauzak sortzen hasi nintzen. Ume txikientzako gauzak egiten hasi nintzen. Gero umea handitzen joan zen eta helburua familiako beharrak asetzeko produktuak sortzea izan da. Alabak hamabi urte ditu orain. Umeentzako adur-zapiak, txupeteetarako poltsak, panpinatxoak, errotuladore-zorroak, ogitarteko-zorroak, ileko apaingarriak (zintak, diademak, gantxitoak...) egiten ditut eta azokan salgai egongo dira. 

Eta nagusiei begira?
Nagusientzat diru-zorroak, tabako-ontziak, motxilak, ileko apaingarriak eta horrelako produktuak ditut. Baita zero zabor produktuak ere: makillajea kentzeko paper-zapiak, berrerabilgarriak direnak… Gura duenak Instagram sare sozialean ikusi dezake nire ekoizpena (@harrikoskor).

Azken urteetan zertan aldatu da Harri Koskor?
Orain dela urte bi artisau ziurtagiria lortu nuen, eta harrezkero beste plaza batzuk zabaldu zaizkit. Orain dela bost bat urte Otxandion eta inguruko herrietan ibiltzen nintzen gehiago, eta orain azokarik azoka gehiago mugitzen naiz. Ehuneko ehunean nago honetan eta ogibide legez ikusten dut. Alde horretatik, aldaketa bat igarri dut.

Zer azokatan ibili zara orain arte?
Orain arte eguneko azoketan ibili naiz batez ere, beti Euskal Herrian. Ipar Euskal Herria oraindino ez dut zapaldu, baina, bestela, denean ibili naiz: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan... Aurten Gasteizen parte hartu dut lehenengoz, eta Lekeition ere bai, Erdi Aroko azokan. Hiru eguneko azokak dira. Horiek izan dira egin ditudan luze bakarrak. Niretzat berria da lau eguneko azoka egitea, Euskal Dendan gertatuko den moduan.  

Azokek laguntzen dute bezeroekin aurrez aurreko hartu-emana izaten?
Bai. Asko, gainera! Tratu pertsonala asko gustatzen zait, sare sozialak baino gehiago. Hobeto moldatzen naiz. Azokek eskaintzen duten aurrez aurreko horrek balio handia du. 

Zeintzuk dira arrakastarik handiena duten produktuak?
Produktu zehatz batena baino gehiago, eskaria sasoian sasoiko produktuena izaten da. Esaterako, ikasturte hasieran ogitarteko-zorroek, poltsek eta halakoek izaten dute eskaririk handiena. Negu partean buff-ek... Eta udan turbanteek, karteratxoek… Eskaria aldatu egiten da sasoi batetik bestera.

Euskal Denda zer sentsazioagaz amaitzea gustatuko litzaizuke?
Horrelako azokek biharamun emozional handia dakarte. Jende asko pasatzen da, aspaldi-aspaldi ikusi ez duzun jendea ere bai. Gainera, inguruko postukoekin beste lotura bat egiten duzu; izan ere, eguerdiko atsedenean eta ateak ixten direnean, gure artean berba egiten dugu eta gure arteko sarea indartu egiten da. Gero, norbere bizipenak daude: postua zelan atondu eta zaindu, ezustekoei eta gorabeherei zelan aurre egin… Nik neuk garrantzi handia ematen diet bizipen horiei guztiei. Jakina, salmentak ere inportanteak dira, baina ez naiz horregaz bakarrik geratzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!