"Aurtengo azoka martxa eta ilusio handiagaz dator"

Maialen Zuazubiskar 2025eko abenduaren 3a

Sormena beti dago presente Amaia Egidazuren (Durango, 1981) bizitzan, izan bere lanetarako, izan ipuin kontaketetarako... Aurtengo azokan ere lan bi kaleratuko ditu. Hori nahikoa ez, eta beste pare bat aurkezpen gidatuko ditu. 

Egun batzuk baino ez dira falta aurtengo azokarako. Zelan dator Amaia Egidazuren azoka? 
Beste urte batzuetan legez, martxa askogaz datorrela esango nuke, eta ilusioagaz, jakina. Lan berri bat dut, album ilustratu berri bat, oraintxe argitaratuko dena. Gainera, azokan aurkezteko aukera izango dut. Beste alde batetik, Argiakoekin eta lantalde polit bategaz, Josu Narbarte, Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Aiartzaguenagaz, Data-zarta izeneko karta-joko bat argitaratuko dugu, Euskal Herriko historiaren ingurukoa. Eta, jakina, Saguganbaran ere ibiliko naiz, beste argitaletxe batzuetako liburu aurkezpenekin laguntzen. Beraz, horixe, alde batetik bestera. Ea ateratzen dudan momenturen bat azoka ganoraz ikusteko. Horixe dut helburu aurten. 

'Txirriki-txarraka' album ilustratua kaleratuko duzu. Zer da eta nori zuzenduta dago?
Album ilustratu bat da eta album ilustratuen ezaugarria izaten da irudiek testuek besteko garrantzia dutela, edo handiagoa. Istorio txiki bat kontatzen du, testu errimatu bidez, metagarria dena. Egitura errepikakor bat du. Beraz, oso istorio egokia izan daiteke hiru urtetik gorako umeentzat. Honela hasten da istorioa: Gure herrian bada ume bat, haren izenik orain ez dut gogoratzen, bereziki trebea dena gauzak galtzen. Etxeko giltzak, txanoa, motxila, baloia... non eta nola galtzen dituen ez da sekula konturatzen. Orduan, horixe, bada ume bat gauzak galtzen trebea dena, eta egun baten amak enkargu bat ekarriko dio. Hauxe esango dio: "Amama gaixorik dago eta eraman gauza hauek amamari. Ez galdu ezer bidean". Umeak erantzungo dio: "Lasai, ez dut ezer garrantzitsurik galduko". Umea amamaren etxera bidean irtengo da, baina ez dakit, ba, nik gai izango ote den ezer garrantzitsurik ez galtzeko. Galduko ote du ezer? Ala ez? Istorioa irakurri behar hori jakiteko! 

Horrez gainera, Argiagaz batera Data-zarta ere kaleratuko duzu. 
Honelako jokoek harrera ona izaten dute. Aurretik, Hizki Pizti aurkeztu genuen. Modu polit bat izan zen irakurketa-idazketa prozesua jolasaren bitartez egiteko. Eta dena euskaraz. Data-zarta oso egokia da 10 urtetik gorako umeentzat, eta baita helduentzat ere. Modu partekatuan egin daitekeen jokoa da. Ehun karta daude, eta, beraz, ehun gertaera historiko ageri dira bertan. Kartak mahai gainean kronologikoki ordenatzen joatea da helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!