[BIDEOA]: "Biniloen frikia naizenez, Azokan diskoak ikustea gozamena da"

Anboto 2025eko abenduaren 4a

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokaren bueltan lanean dabiltzan eragileek abenduaren 5etik 8ra jasoko dute urte osoan ereindako uzta. Azken urteetan, euskal kulturaren topalekua sasoi berrietara egokitu da. Aurten, Gotzon Gomezek "ezberdin" biziko ditu egun hauek, bere lehenengo azoka izango da-eta elkarteko presidente legez. Gomez ez da aspertzeko astirik duen horietarikoa. Buru-belarri dabil elkartegintzan. Durango Rugby Taldeko zuzendaritzako kide ere bada. Zurrunbilo horretan bete-betean sartuta, tartea hartu du ANBOTOren galderei patxadaz erantzuteko.

Gotzon, azokan urte askoan lanean aritu arren, aurten ardura postu baten egongo zara, Gerediagako presidente legez. Ezberdin biziko duzu? Prest zaude zurrunbiloan sartzeko?
Postuak beste ardura bat eskatzen du, beste rol bat da, baina ilusio handiz nago, gogotsu azoka hasteko.

Zeintzuk nobedade ikusiko ditugu azokan?
Aurtengoa urte borobila dugu. Elkarteak 60 urte egin zituen maiatzean, eta azokak berak ere 60 urte egiten ditu. Horrelakoetan, gauza bereziak egiten ahalegintzen gara. Nobedadeetariko bat gaueko kontzertuak berreskuratea izango da, barikuan zein zapatuan. Horretarako, autobus zerbitzu berezia ipiniko dugu: Autobus batzuk Bermeotik irtengo dira (Bermeo-Gernika-Durango), beste bazuk Baionatik (Baiona-Donostia-Durango), eta Gasteiztik eta Iruñetik ere bai.

Gaueko kontzertuen sarrera barne, 10 euro ordaindu beharko da autobus bidaia. Aukera ederra da gazteak etorri daitezen, eta hain gazteak ez direnentzat ere egokia da, euren herri edo hirietara seguruago bueltatzeko. 

Azokako guneetan kultur adierazpen anitzak ezagutzeko aukera dago, baita nobedadeak ere. Espazio berriak ezagutuko ditugu aurten. Zeintzuk dira?
Berbagailua gune berriak podcastekin du lotura. Madalenako ermitan egongo da. Gune hori azokarako erabilgarri izatea lortu dugu. Bestalde, Durangoko Arte eta Historia Museoa Atartea bihurtuko dugu. Gune honetan, ilustrazioak eta arte plastikoekin zerikusia duten adierazpenek izango dute lekua. Era berean, Musika Eskola obretan egon da azken urtean, eta aurten erabilgarri izango dugu Ahotseneko aurkezpenak eta beste ekitaldi batzuk antolatzeko.

Azoka egun jakin batzuetan egiten da, baina zelan koordinatzen duzue antolaketa?
Jente askok uste du uda ostean hasten garela hau antolatzen, baina ez da horrela. Azoka, berez, urte osoko lana da. Azoka amaitzen denean, pare bat astean arnasa apur bat hartzen dugu, eta lasterrera balorazioa egiten da koordinazio taldeagaz. Aldi berean, zuzendaritza batzordean ere ebaluazioa egiten da. Eta, martxorako, jada martxan ipintzen da hurrengo urteko dinamika. Beraz, gelditzen ez den errobera bat da hau. Edizio bat amaitzen denean, hurrengoari begira hasten gara: Sormen Bekarako zein gai edo zein diziplina landuko dugun, zein nobedade berri posible egon daitezkeen, diseinu berriak...

'Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia' izena hartu du aurten. Zer hausnarketa dago horren atzean?
60 urte hauetan gauzak asko aldatu dira. Andra Mariko arkupeko azoka ekitaldi xumea zen, iraultzailea. Hortik merkatu plazara pasatu ginen. Hemen ere, gogoratzen baduzue, stand batzuk ipintzen hasi ginen... eta gero Landakora pasatu zen. Gaur egun anbulatorioa dagoen eremu horretan izan zen. Orain hogei bat urte, Landako Gunea sortu zen. Apurka-apurka beste gune batzuk sortzen joan dira, eta horiek aberastu egin dute azoka. Jada, ez daude bakarrik liburuak eta diskoak. Orain denerik dago: musika zuzenean, ikus-entzunezkoak, antzezlanak, podcastak, arte plastikoentzako guneak... Diziplinak zabaltzen joan dira. Ez da azoka bakarrik, orain kultur adierazpena bera bultzatzen da. Sortzaileekin berba egiten eta euren beharrizanetara egokitzen ahalegintzen gara.

Eta hortik dator 'Kulturaren Jaialdia' izena. Benetan sentitzen dugulako lau egunean hemen egiten dena jaialdi bat dela. Lelo polita da egiten duguna islatzeko. 

Musikazalea, irakurzalea... zein profil daukazu zuk?
Musikazale amorratua naiz, eta irakurzalea ere bai. Azokan aukera bikaina izaten dut hainbat lan deskubritzeko. Gainera, biniloen frikia naiz... Gozamen hutsa da diskoak deskubritzea. Esaterako, Jotakie taldearenak, Itoiz taldearenak, Benito Lertxundirenak... Aukera ederra da azken ekoizpenak ezagutzeko ere; adibidez, Añube eta Glaukoma taldeenak. Hor, askotan, alabaren laguntza izaten dut, bera ere musikazalea da eta.

Liburuen artean ere ibiltzen naiz. Normalean, zerrendatxo bat ekartzen dut eta begira ibiltzen naiz, ez hainbeste nobedadeak. Orain, gaztetan irakurri nituen liburu batzuk irakurtzen nabil, baina beste modu batean dastatuz. Garai lasaia bizitzen nabil, irakurri egiten dut, beste input batzuk jasotzen ditut. "Aspaldi irakurri nuenean, ez nuen, ba, modu honetara ulertu!", esaten diot batzuetan neure buruari. Batzuetan, unibertsitaterako irakurri beharreko liburuak ziren, eta horregaitik irakurtzen zenituen.

Nork eragin dizu gehien euskal kultura bizitzeko eta ulertzeko moduan?
Etxean txikitatik jaso dut euskaragazko lotura, amaren partetik. Eskolako maistra Bego Urizar ere aipatuko nuke, eta baita Azkorbe ere. Beraz, eurek ere eragina izan dute nigan euskararako hurbiltze horretan. Gero, Euskal Filologia ikastea erabaki nuenean, horrek beste gogoeta bat ekarri zidan: gurea zaintzeko, gurea zabaltzeko, lehenengo ezagutu egin behar da.

Gotzon, Gerediagan kolpe handia izan da Izaskun Ellakuriagaren heriotza. Zelan bizi duzue azokaren antolaketa bera barik?
Izaskunen heriotza kolpe itzela izan da. Hutsune handia sentitu dugu elkartean, eta baita lantaldean ere. Presidente izendatu ninduten unean, Izaskun izan nuen bidelagun prentsaurrekoak emateko orduan, telebistara joateko orduan... Alde horretatik, maila pertsonalean apur bat umezurtz sentitu nintzen. Presidente kargua hartzerakoan, Izaskun nire gidaria izan zen. Laguntza eta animo asko ematen zidan, prentsaurrekoetan zelan berba egin irakasten, zein ikuspuntu eman, eta horrelako eginbeharrei zelan aurre egin.

Elkarte legez ere umezurtz geratu gara. Argi dago bera ordezkatzea ezinezkoa dela. Izaskunek zituen dohainak, gaitasuna, gogoa... Ahal dugun neurrian lan hori egiten jarraituko dugu, beste estilo baten, beste modu baten. Lantaldean ez dugu Izaskun sekula ahaztuko, eta, zelan ez, edizio honetan tartea hartuko dugu bera gogoratzeko.

Elkartearen izenean omenaldia egin genion eta gustura geratu ginen, jende asko joan zelako. Bere ibilbidea gogoratzeko eta bera beti gogoan izateko antolatu genuen omenaldia. Urte asko eman zituen azokan; dena kontrolapean zuen.

Amaitzeko, zer mezu bidali gura diezu azokara joateko asmoa dutenei? Zer aurkituko dute bertan?
Denok gonbidatuta zaudete. Aukera itzela da gozatzeko, dastatzeko, berritasunak ezagutzeko, eta, batek daki, baita antzinako edo aspaldiko produktuak ere erosi ahal izateko edo eskuratzeko.

Eta, bestetik, azoka kulturaren jaia dela gogoratu gura dut. Aukera asko eskaintzen du eta beti egongo da zeozer norberaren gustuetara egokitzen dena. Beraz, zatozte eta gozatu. Durango, gainera, leku itzela da ibiltzeko. Gazteak ere datozela. Eurentzat ere makina bat gauza dago, kuriosoak asko, ikusteko, entzuteko eta dastatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!