Euskararen mintzapraktikak leku propioa izango du Durangoko Azokan. Taupa mugimenduak eta Zirhika elkarteak asteburu osoko egitaraua prestatu dute hizkuntzaren erabilera bultzatzeko. "Euskararen aldeko ariketak gizarteratzeko eta erabileraren garrantzia erdigunera ekartzeko" balioko du hiru eguneko programak, Izaro Apraiz Taupako kidearen esanetan.
Askotariko xede-taldeei begirako egitasmoak ipiniko dituzte martxan. Barikuan, gazteek hartuko dute erdigunea; zapatuan, hitanozaleek, eta domekan, Euskal Herri osoko mintzalagunek.
Barikua: gazteria mintzapraktika ibiltari
Barikuan, ikasle goiza dela aprobetxatuta, Mintzodromo Ibiltaria egingo dute gazteekin. Maristak ikastetxearen ondoan batuko dira 12:00etan, duela gutxira arte Udal Euskaltegia izandako eraikinean. Handik, musika jartzaile bat lagun, Durangon zehar mugituko dira, geldiunerik geldiune mintzapraktika saioa egiteko. "Formatu berritzaileagoa eta erakargarriagoa bilatu nahi izan dugu. Horretarako, Luma Otaño eta Ianire Atxurra sare sozialetako eragileak izango ditugu bidelagun", azaldu du Apraizek. Eguraldiak laguntzen ez badu, mintzapraktika saioa Maristak ikastetxearen ondoko eraikinean egingo dute.
Zapatua: hitanozaleen txanda
Zapatuan, abenduak 7, Zirhika taldeak hartuko du mintzapraktiken gidaritza: hitanoa izango da protagonista. Eta hori hala izan dadin, egun osoko egitaraua prestatu dute, bazkari, ariketa eta bertso-saio. Azken horretan, Amaia Agirre ta Andoni Egaña ibliko dira, toka zein noka.
Domeka: Mintzalagunen Topaketa Nazionala
Domekan, hilaren 8an, Euskal Herriko Mintzalagunen Topaketa izango da ekitaldi nagusia. Mintza Eguna, orain arte udaberrian egin ohi zena, Azokako testuingurura ekartzea erabaki dute. 11:30ean jarri dute hitzordua, Landako Gunearen ondoan. Ugaitz Alegriak eta Ainhoa Etxebarriak egingo dituzte gidaritza lanak. Hori horrela, Landako Eskolako jantokian batuko dira mintzalagunak, 12:00etatik 14:00etara. Hortik aurrera, parte hartzaileek aukera bi izango dute, mintzodromoan aritzea edo Irudieneko emanaldi bat ikustea. Amaieran, bazkari-mokadua egingo dute.
Askotariko profilak
"Mintzalagunen artean profil oso ezberdinak daude; batzuk etorri berriak dira eta, gezurra badirudi ere, askok ez dute Durangoko Azoka ezagutzen", azaldu du Taupako kideak. Hori errazteko, autobusak antolatu dituzte Nafarroatik eta Gipuzkoatik, konexio zailagoa duten herrietako euskaltzaleak Durangora hurbildu ahal izateko.