Landako Eskola Euskal Herri osoko hitanozaleen bilgune izango da zapatuan

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 2a

Hitanozaleek hitzordu esanguratsua izango dute zapatuan, Durangon. Landako Eskolak Euskal Herriko Hikadromoaren bigarren edizioa hartuko du. Hitanozko bertso-saioa, pintxo-jana eta toka zein noka aritzeko dinamika ugari antolatu dute.

Zapatu honetan, Euskal Herriko Hikadromoaren bigarren edizioa egingo dute Durangon. Landako Eskolak Euskal Herri osoko hitanozaleak hartuko ditu, dakitenek ez dakitenei (edo guztiz menperatzen ez dutenei) bultzadatxoa emateko. Ordutegi bi dira kontuan hartu beharrekoak: lehenengoa, bazkalorduari dagokiona. 14:30ean, pintxo-jana egingo dute eskolako jantokian. (Bazkarirako lekua erreserbatu gura duenak nahikoa izango du 652750947 telefonora deitzea eta erreserba egitea). Bigarren hitzordua, berriz, 15:30ean izango da. Parte hartzaileek hitanoa praktikatzeko ariketak eta dinamikak egingo dituzte. Halantxik ibiliko dira batetik bestera, talderik talde, txandaka, ariketa bat egin, beste bat egin. Lanak 17:00etan amaituko dituzte, ordu horretan bertso-saioa izango dute-eta Amaia Agirreren eta Andoni Egañaren eskutik. Bistakoa denez, hitanoz hori ere. Aurten, eskolako jantokian egingo dituzte ekintza guztiak. 

Kristina Mardaras da Hikadromoaren antolatzaileetako bat. Iurretarrak iazko edizioan parte hartu zuen, eta aurten ere bertan egongo da, egitasmoa antolatzen zein gura duenari hitanoan eskolatzen. "Gazteak eta emakumeak, bereziki". Izan ere, Mardarasen iritziz, "gazteek, hitanoak eskaintzen duen erregistro informal hori izatera, ez lukete erdarara hainbeste joko". Eta emakumeen kasuan, "noka tratamendua asko galdu" da: "Eskoletan ez da erakusten, eta transmisio falta handia dago", dio.

Iazko marka apurtzea helburu

Hikadromoaren atzean Zirhika taldea dago, eta bertan koordinatuta dago Mardaras, Deba ibarreko Badihardugu euskara elkartearekin eta Donostiako Bagera euskara elkartearekin batera. Azken horretako kideek izango dute, hain zuzen ere, Hikadromoko dinamikak dinamizatzeko ardura.

Iaz, Euskal Herri osoko 75 bat lagunek parte hartu zuten Hikadromoan. Aurten, marka hori gainditzeko erronka hartu dute antolatzaileek. Izan ere, eskolako aterpean egin zuten 2025ko edizioa, baina jantokian egingo dute aurtengoa, berogailua martxan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!