Zertan datza istorioa?
Idazten ditudan liburu guztietan beti dago istorio bat, askotan abenturatxo bat edo, eta gura barik edo gurata, hausnarketarako aukera ematen dute. Liburu honetan, Anartz gure protagonistaren urtebetetze jaia egiten denean hasten da dena, bere etxean. Aititak larruzko pilotatxo bat oparituko dio, esku pilotan aritzeko, eta nagusitan pilotari profesionala izan litekeela esango dio. Gero, etxeko denek esango diote zer izan beharko lukeen nagusitan, aitak, amak, anaiak, arrebak... Liburu amaieran ikusten da Anartz mutikotxoa dela oraindino, eta, beste alde batetik, berak erabakiko duela etorkizunean zer izan gura duen.
Beraz, umeari ume izaten utzi behar zaiola da liburuko irakaspen nagusia.
Bai. Umeari ume izaten utzi behar zaio, bere munduan bizitzen, bere imajinazioan, bere sormenean eta bere plazer horretan. Gero, bakoitzak ikusi beharko du, bere apaltasunean, zer izan gura duen edo zer izateko gaitasuna duen.
Irudiak Jokin Mitxelenarenak dira. Ez da beragaz lan egiten duzun lehenengo aldia, ezta bigarrena ere.
Jokin Mitxelena beti izan da nire gustukoena. Bere zale amorratua naiz. Oso gogoko ditut bere estiloa, eta bere pertsonaiak. Umeak biziak dira, bihurriak... Erabiltzen dituen koloreak ere nabarmenduko nituzke. Marrazkiak oso erakargarriak dira koloreen aldetik.
Haur literaturako zure hainbat liburu egongo da Durangoko Azokan; esaterako, 2021eko 'Errota zaharreko kluba'.
Lagun kuadrilla batek, bere protagonista eta guzti, abenturatxo batzuk bizi ditu Errota zaharreko kluba liburuan zehar. Abentura horiek liburuaren osotasuna egiten dute, zelanbait esateko, eta Nafarroako erdialdean kokatuta daude. Zonalde hori umeen mundura ekarri gura nuen: bere galsoroak, mendi motak, usainak, animaliak... Lehen esan dudan moduan, abenturatxo bakoitzetik hausnarketa bat egin liteke.
'Bala' izenekoa iazkoa da, 2024koa.
Bala gure etxeko txakurra izan zen. Hil zen. Orduan, berari buruzko ipuin bat idaztea pentsatu nuen, gure artean jarrai zezan... Bala zelakoa zen eta bere abenturak zelakoak ziren kontatzen du ipuinak.
Hamar urte daramatzazu haur literatura lantzen. Gustuko duzun generoa da?
Bai, beti gustatu izan zait. Batzuetan, jendeak bigarren mailako generotzat hartzen du haur eta gazte literatura, baina ez da horrela. Haur literaturan istorio eta liburu zoragarriak daude. Aurrera begira, hainbat ideia eta kontu dut buruan, eta apurka-apurka joango naiz horiek osatzen.