Zelan jakin zenuen Simonen berri?
We are plenty in here… abestiaren berri orain 50 urte, herri literaturari buruzko Piarres Lafitteren saiakera batean. Andu Lertxundik, Adolfo Arejitak eta beste batzuek ere aipatu dute. Simon Gandariasen berri, idatzi zituen beste bertsoena, orain urte bi, Manu Sotaren Viaje a Idaho 1938 eskuizkribua ustekabean aurkitu dugunean.
Bere figuratik zerk erakarri zintuen?
We are plenty in here, Oskorriren bertsioan Idahoko berriak deitzen den abesti horren autoretza eta kontestua interesatu zitzaidan lehenengo. Gero, bizitza osoa Estatu Batuetan emandako bizkaitar baserritarraren figura hori. Oso pertsonaia tipikoa da, baina galdera asko planteatzen ditu.

Zer galdera?
Ba, adibidez, zergaitik joaten ziren Bizkaiko baserritarrok eta arrantzaleok, XX. mendearen hasieran Bilbon ja zegoen hazkunde ekonomikoagaz Nevadako basamortuetaraino artzain? Beste galdera bat, zergaitik ezkontzen ziren herriko neskekin, nahiz eta emaztea gero Oregonera joan ez? Zer hartu-eman mota zen hori? Beste bat, zergaitik egiten zituen bertsoak euskaraz 17 urtegaz Far Westera heldu eta ziudadania amerikanoa gura zuen Sam Gandarias horrek? Beste galdera bat, zer da “herri literatura”?
Liburuko lehen zatia haren biografia da. Iturri askotatik edan duzu?
Jose Manuel anaiaren partekoen argazkiak, Laureana Elortza emaztearen ahizparen ondokoen oroitzapenen batzuk. Simonen memoria eten egin zen semea hildakoan, hiru ilobek ez zuten izan aititaren berririk. Ameriketako dokumentuak Maitena Iragorrik Idahora joanda aurkitu ditu, Boise Capital News egunkarian-eta.
Bigarren zatian bere bertso sortak jaso dituzu. Aukeraketa bat da?
Ez dira asko, hamahiru edo hamalau. Baten batzuk errekuperatu ditugu bakarrik, eta denak ez daude osorik. Bertso gehiago egingo zuen, jakina. Baina ez inongo artxibo nazionalean gordetzeko asmoagaz: bertso sorta baten azken orria alargunaren Bilboko etxeko zopa-ontzi zahar baten barruan aurkitu dute.
Simonek zeintzuk gai jorratzen zituen?
Lehenengo testua 29ko Krakekoa da. 1929ko urrian, badakizu, krisi ekonomiko itzela izan zen Estatu Batuetan, 29ko Depresioa, eta itsasontzi bidaiak suspenditu ziren. Gabonetan, John Belaustegi ama bisitatu ezinik geratu zen, eta Simonek bere lagunak amari bidaltzeko egin zituen bertsoak. 29ko Krak horri Samek ematen dion izena polita da: "Herbert Hoover-en panikua". Herbert Clark Hoover hori presidentea zen Depresio Handiaren denboran. We are plenty in here Boiseko prostituzio giroari buruzkoa da, erdi ingelesez eta erdi euskaraz, hizkuntza konbinazio arraroan. Al Berro Jordan Valley-ko "fitelari" bati buruzkoak dira, Alberto Berrojalviz. "Fitelari" boxeolari, fight-egaz egindako berba da. Beste bertso batzuk periodiko-anuntzioak dira, Sam Gandariasek Ontarion zeukan Elk Cigar Store tabernaren propaganda. Badira parranda eta mozkor abestiak, Sam alkohol trafikoagaitik atxilotu zuten Lege Lehorraren aldian. Beste bertso batzuetan amaz edo jaiotetxeaz akordatzen da.
Liburuko QR kodeen bitartez bertsoak abestietan entzun daitezke.
Poemak irakurri egiten dira, isilean. Baina bertsoak eta abestiak entzuteko dira, ezta? Liburuan entzunezko batzuk proposatzen dira. Aspaldikoak, Oskorriren Idahoko berriak, Gorka Urbizu eta Peiremans-en Zortziak bat eta Estitxu Roblesen Elantxobetarra naiz. Orain, Luhartz taldeak Samen bertsoak musikatu ditu, eta liburuagaz abestiak entzun daitezke.