Euskal Dendako 53 postuetatik 15 lehenengoz etorriko dira

J.D. 2025eko azaroaren 28a

Iazko aldiak 30.000 bisitaritik gora izan zituen.

Durangoko Azokako egunetan merkatu plaza Euskal Herriko artisauen erakusleiho erraldoi bihurtuko da aurten ere. Abenduaren 5etik 8ra, Euskal Dendak 29. aldia beteko du bertan, Arbaso elkarteak antolatuta. Merkatu plazako luze-zabalean artisauen aurtengo sorkuntzak eta lanak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bisitariek.

Euskal Dendak abenduaren 5eko barikuan zabalduko ditu ateak. Urtero legez, irekiera ekitaldia egingo dute Arbasoko eta askotariko erakundeetako ordezkariekin. Ordutegi hau izango du lehenengo hiru egunetan: 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 8an, ostera, 19:00etan itxiko ditu ateak, hau da, aurreko egunetan baino ordu eta erdi lehenago. 

Iazko aldia arrakastatsua izan zen eta 30.000 bisitaritik gora jaso zituen, nahiz eta eguraldiak ez zuen lagundu. Egunik jendetsuena lehenengoa izan zen, 13.000 bisitari ingurugaz. Antolatzaileek kopuru hori berdintzea edo gainditzea itxaroten dute aurten. 

53 postu guztira
Aurten 53 postu ipiniko dituzte, iazko kopuru bera. Merkatu Plazan ipini daitekeen gehienezko postu kopurua da. Zenbakiei dagokienez, ohikoa den moduan, Bizkaiko sektoreak izango du ordezkaritzarik handiena, 30 postugaz. Iaz baino bi gutxiago dira. Hurrengo, Gipuzkoa dator, hamar postugaz, iaz baino bat gehiago. Nafarroatik bederatzi etorriko dira, iaz baino bi gehiago, eta Arabatik lau, 2024an baino bat gutxiago. Euretariko batzuek lehenengoz zapalduko dute Merkatu Plaza.

Datuak sektoreka emanda, ehungintzari lotutako artisauak dira nagusi oraindino, 11 postugaz. Horien artean denerik aurkitu daiteke: jantziak, osagarriak… Kopuruekin jarraituta, bitxigintzaren ingurukoak datoz ondoren, zazpi postugaz. Bisuteria eta zeramika gremioek launa stand izango dituzte. Horrez gainera, larru, kosmetika, feltro, ilustrazio, jostailu, oinetako, kakorratz eta makramearen inguruko postuak ere izango dira, besteak beste.

Era berean, nekazaritzako elikagaien sektoreak bere lekua mantentzen du Euskal Dendan, sei postugaz. Ez dira faltako Garrarteko garrapiñatuak, Lorez Loreren eztia, Ziorregiko gaztak, Katealdeko patea, Goenagaren jogurtak eta Gorrotxategiren txokolateak. 

15 postu, lehenengoz
Aurten 15 dira Euskal Dendara lehenengoz etorriko diren postuak. Hau da, kopuru osotik % 28 berriak izango dira. Bizkaitik zazpi proiektuk izango dute estreinaldia: zeramika eta ehungintzako Hemen Proiektua, bitxigintzako Ganboa eta Bitxiart, ehungintzako Harri Koskor, Laurky Cotton eta Iruten, eta jantzi tradizionalen inguruko Beletxera.

Arabatik enpresa berri bi datoz: Membrilla, koadernaketa-gremiokoa, eta Madear, egurgintzako gremiokoa. Gipuzkoatik Marta Portela trikotatzailea eta ilustrazioaren inguruko EM Zirrimarra dira nobedadeak. Nafarroatik Ixiart zurezko tailugilea eta Pimfa —olibondo egurragaz egindako sorkuntzak— lehenengoz etorriko dira Durangora. Gainerako nobedadeak elikadura arlokoak izango dira. 

Eskualdeko postuak
Durangaldeak sei postu izango ditu aurtengo Euskal Dendan: Eneko bitxiak, Veletta, Gorakat, Nudamé, Politena eta Harri Koskor. Azken hau lehenengoz etorriko da azoka honetara. 

Eneko Unzalu mañariarra Euskal Dendako beteranoetariko bat da. Urtea joan eta urtea etorri ez du hitzordura hutsik egiten. Aurten ere, berak eginiko mota guztietako bitxiak erakutsiko ditu. Elorrioko Gorakat dendakoen poltsek eta motxilek beteko dute beste stand bat. Aurten urte berezia dute, 10. urteurrena ospatzen baitute, eta zortzigarren urtez izango dira Euskal Dendan. Durangoko Velettaren produktu izarrak toteak eta motxilak dira. Eskari bidez lan egiten du, Interneten (www.veletta.shop) eta sare sozialetan Instagramen (@ myveletta). Bestalde, Zornotzako Vanina Seguik ehunagaz egindako produktuak eramango ditu.

Berrizko Nudamé-k iaz parte hartu zuen lehenengoz, eta aurten berriro etortzea erabaki du. Makramea lantzen dute. Hauek dira sortzen dituzten produktu batzuk: txakurrentzako lepokoak eta uhalak, animalientzako kabestruak, eta loreontziak sabaitik eskegitzeko euskarriak. 

Otxandioko Harri Koskorrek lehenegoz bisitatuko du Euskal Denda. Eguneroko beharrizanei erantzuteko produktuak sortzen dituzte oihalekin: eskolarako materiala, nezeserrak, meriendako poltsak, mugikorren kargagailuetarako zorroak eta gehiago…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!