Durangoko Azokaren unibertso bisuala osatu duzu.
Niretzat sorpresa handia izan zen; izan ere, betidanik egin nahi izan dudan zerbait zen Durangoko Azokaren iruditegia. Amets bat bezalakoa zen. Momentuan zalantzak sortu zitzaikidan, baina egun pare batean pentsatu eta gero, baiezkoa eman nuen. Irailerako zerbait erakustea nahi zuten, baina beraien harridurarako uztailean bertan lan asko nuen aurreratuta. Esan dudan moduan, proiektuak ilusio handia egiten dit. Aurten, zerbait ezberdina egin nahi zuten. Orain artean, kartela egiten zuten eta hortik beste formatuetara moldatu, baina horrela nahiko mugatuta zeudela uste zuten. Gaur egun, marken komunikazioa eraldatzen ari da, eta, lehen, formatu bakarra diseinatu eta besteetara moldatzea nahikoa zen; baina gaur egun, markak likidoagoak dira. Orduan, oinarritik pentsatu behar da, formatu desberdinetan. Azokakoek bazekiten zerbait desberdina nahi zutela, zehazki zer nahi zuten jakin ez arren. Zerbait sortu eta formatu guztiak inpregnatzea nahi zuten, eta adibide modura Zetak taldearekin sortu nuen tipografia aipatu zidaten. Hori izan zen abiapuntua. Gainera, 60. urteurrenarekin kointziditu du, eta, gainera, Kulturaren Jaialdia leloarekin. Pertsonalki asko gustatzen zitzaidan hau bera, iruditegi moderno, minimalista eta aldi berean indar handia duena koloreengatik. Marraztu ahala filosofatzea gustatzen zait, eta pentsatu nuen azokak ibilbide desberdinak egin dituela 60 urte hauetan, mugitu egin dela, baita euskara ere, eta orduan 60 hori hartu eta deformatu egin nuen; hor konturatu nintzen kartel infinituak egin zitezkeela, eta, gainera, ibilbide hori formatu askotan egin zitekeela. Askotan esaten dut nire diseinatzaile lana hizkuntza bat sortzea dela, eta horixe egin dut, azokaren hizkuntza garatu.
Proposamen berritzailea izatea presioa ala erronka da?
Onerako eta txarrerako, gero eta gizarte bisualagoan bizi gara; gaur egun mila estimulu ditugu, eta lehia handia dago ea nork izan irudirik indartsuena. Horrek presioa sortzen du. Durangoko Azokak ez ezik, bertan dauden artistek ere gehiago zaintzen dute irudia, eta apustu argia ikusten da. Horrek sinergia politak sortzen ditu. Nik presio handia jartzen diot neure buruari, proiektuan sartuta asko ikasiko nuelako. Asko gozatu dut proiektu honekin.