[BIDEOA]: Akelarreren erromeriak, plazatik pantaila handira

Aritz Maldonado 2025eko azaroaren 27a

Durangoko Bideografik ekoiztetxeak Akelarreren ibilbidea jasotzen duen dokumentala ondu du; Lekeitioko Zine Bileran estreinatu eta gero, Irudienean emango dute; hitzordua datorren abenduaren 8an izango da, astelehenean, 11:00etan. Aurretik baina, azaroaren 29an Bilboko Zinebi jaialdian emango dute, 18:30ean. 

Akelarre taldeak atal luzea eta garrantzitsua idatzi zuen euskal musikaren historian. Orain, hiru hamarkada georago, Durangoko Bideografik ekoiztetxeak haien ekarpena jasotzen duen dokumentala ondu du, Akelarre: marearen kontra. Xabier Zabala eta Carlos Iglesias durangarrek zuzendu dute dokumentala. Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran estreinatu eta gero, ikus-entzunezko lana Durangoko Azokan ikusteko aukera egongo da. Emanaldia abenduaren 8an izango da, Irudienea gunean. Xabier Zabala zuzendariaren berbetan, 33 urteko jarduna 85 minutuko lan baten sartzea izan da erronkarik handiena dokumentala egiterakoan; "lan titanikoa", bere berbetan. "Hiru hamarkada baino gehiagoan, musikari, teknikari eta laguntzaile ugari igaro da taldetik. Gainera, urtean ehunka kontzertu ematen zituztenez, anekdota mordoa dute kontatzeko. Material hori kudeatzea izan da gatxena batez ere. Nekeza izan da artxiboko irudiak aukeratzea eta narrazioa jostea. Helburua ez zen ibilbidearen berri ematea bakarrik, istorio koherente bat kontatu gura genuen, inor kanpoan utzi barik", azaldu du Zabalak. Soinu banda aukeratzea ere "ez da erraza izan". 48 abesti sartu dituzte, eta beste asko kanpoan utzi behar izan dituzte.

Zuzendariaren berbetan, dokumentalak Akelarreren benetako dimentsioa aldarrikatzen du: "Jaietako talde soil legez ezagutzen dutenentzat haien benetako dimentsioa erakutsi gura izan dugu, eta plazarik plaza familia bat eta giro berezi bat sortu zuten musikari hauen lanaren balioa nabarmendu. Euren ibilbideak merezi duen epilogoa idatzi gura izan dugu". Dokumentala, musika talde baten ibilbidea ez ezik, jarrera eta garai baten kronika ere bada, beraz. Hain zuzen ere, "marearen kontra" ere egin zutela aldarrikatzen du. "Euskaraz egiteko hautua egin zuten, korrontearen aurka; eta lehenengoetarikoak izan ziren rocka plazetara eramaten. Protagonistek ere nabarmentzen dute hori lanean", gaineratu du Zabalak. Dokumentalean Joseina Etxebarriaren, Onintza Enbeitaren eta Xabier Solanoren testigantzak agertzen dira, besteak beste. "Musikariak, bertsolariak zein kazetariak elkarrizketatu ditugu, eta denek diote erreferentziazkoak izan zirela; beste talde askorentzat ere bai, kalitate handiko musikariak zirelako", azpimarratu du Zabalak

Aurkezpen bira
Durangokoaz gainera, Abadiñon ere egingo dute aurkezpena, abenduaren 3an. Zuzendariak bietara animatu ditu herritarrak, Durangaldean aukera gutxi egongo da eta. "Batez ere, Gipuzkoan egingo ditugu aurkezpenak; Bizkaikoak Arratian eta Mungia aldean Dokumentalaren grabazioko irudi bat. BIDEOGRAFIK izango dira", argitu du Zabalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!