"Istorioek lotuta gaude, eta istorioetarako bizi gara"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 27a

Leire Salaberria ilustratzaile andoaindarrak 'Sagu Bildumagilea' aurkeztuko du zapatuan, azaroak 29, Artekan. Aurkezpena egiteaz gainera, tailerra emango du. 12:00etan izango da. 

Liburua frantsesez sortu zenuen, ‘La Collectionneuse’ izenpean, eta euskarara ekarri duzu orain. 
Jatorrizko liburua Sarbacane argitaletxeak argitaratu zuen, 2024an. Jolas moduko liburua zen, eta euskarazko honek, aldiz, istorio eta testu gehiago du, nahiz eta jolasa ere baduen. Jatorrizko argitalpena oso testu gutxirekin sortu nuen, eta editoreari esker honako honek beste forma bat hartu du. Liburua aberastu egin da.

Zelako harrera izan du Frantzian?
Hainbat sariketatan izan da finalista; tartean, Prix Landerneau entzutetsuan. Harrera ona izan du, egia esan, eta errusierara ere itzuli dute. Espero ez nuen zerbait izan da, kanpotarra izanda ez delako batere erraza Frantziako merkatuan sartzea. 

Sagutxo baten gorabeherak eta sormena jaso dituzu istorioan. 
Amona bakarrik bizi da eta istorioak kontatzen dizkio katuari. Baina amonak ez daki beste entzule bat ere badaukala etxean: sagua. Eta saguari eskerrak gauzak gertatzen hasten dira, nahiz eta amonak jakin ez. Saguak amonaren istorioak entzuten ditu, eta, orduan, objektuen bilduma egiten hasiko da, gero bere istorio propioak sortzeko. Beraz, badago pertsonaia bat berak eragiten duen ondorio horietaz ohartzen ez dena. Azken finean, istorioak hori ere badira, ezta? Liburu bat irakurtzen dugunean eta horrek gure bizitzan eragiten duenean, beste bati istorio bat kontatzen diogunean... hor erlazio ugari dago. Uste dut denok gaudela istorioen bidez lotuta, istorioengatik bizi garela. Polita da horrekin jolastea. 

Ume batek bere kabuz irakurtzeko moduko liburua da? 
Lau urtetik aurrerakoentzako liburua da. Hortik aurrera, adin tarte bakoitzean modu batera edo bestera irakurriko da liburua. Adibidez, txikienei erakargarria egiten zaie sagu bat ezkutuan egotea, jolas hori. Liburua Frantziako eskola askotan erabili dute saguaren jokabidea aztertzeko. Etxean lantzeko ere polita izan daiteke.

Publiko exigentea da umeena?
Baietz esango nuke. Ez dute gezurrik esaten. Gustatzen ez bazaio, umeak argi eta garbi esango dizu. Horregatik gustatzen zait aurkezpenetan umeak egotea, eurentzako liburua delako. Etxean zortekoa naiz. Bi ume ditugu, eta, beraz, baditut nire kritikariak! Haiekin egiten ditut probak!

Liburuan zein ikasgai edo balio transmititzen da?
Istorioarekin disfrutatzeari ematen diot garrantzia. Dena dela, objektu zaharrekin dugun harreman hori ageri da. Gauzak bota beharrean horiei bigarren bizitza bat emate hori. Izan ere, azken finean, saguak bildumak egiten ditu objektuekin. Baliorik gabeko objektuei istorioak emanda, balio handiko elementu bihurtzen ditu. Traste zaharrek xarma hori dute. Zeinena izango zen? Zer bizitza izango zuen hainbeste urtetan? Orain dena da kontsumo azkarrekoa.

Zapatuan, Artekan izango zaitugu liburua aurkezten eta tailerra egiten. 
Liburua aurkezteaz gainera, tailertxo bat egingo dugu, liburua zelan irakurri eta liburutik zer atera daitekeen azaltzeko. Jatorrizko ilustrazioak ere erakutsiko ditut, handiak, eskuz eginikoak. Liburuak eta albumak maite dituzten pertsona txiki zein helduak gonbidatuta daude goiz-pasa polita egitera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!