Eztabaida Durangon, Carlos Garcia PPko zinegotziaren adierazpenen harira

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 26a

Duela egun batzuk iragarri bezala, Durangoko EH Bilduk mozio bat aurkeztu du gaurko osoko bilkuran, udalbatzari PPko zinegotziak esandakoak gaitzestea eskatzeko. Alabaina, adierazpenak ez du aurrera egin, ezta PPk subiranisten testuari egindako osoko zuzenketak ere. 

"Terrorista" legez izendatu zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia, eta koalizioak legez kanpo egon beharko lukeela iradoki zuen, "Alemanian alderdi nazia bezala" eta "herrialde askotan alderdi komunista bezala". Carlos Garciak duela egun batzuk X sare sozialean esandakoak Durangoko osoko bilkurara iritsi dira gaur. EH Bilduk mozio bat aurkeztu du udalbatzari zinegotzi popularrak esanikoak gaitzestea eskatzeko. Eta beste horrenbeste egin du Carlos Garciak berak ere, koalizio subiranistaren testuari osoko zuzenketa alternatiboa aurkeztuta. 

Posizio kontrajarri bi

Ima Garrastatxu zinegotziak defendatu du subiranisten adierazpena, eta hiru eskari zehatz definitu ditu: bat. Udalbatzako kideek Garciaren esanak "gaitzestea", balio "demokratikoak", instituzioen arteko "errespetua" eta "aniztasun politikoa" oinarri. Bi. "Zinegotzi popularrak bere esanak modu publikoan zuzentzea". Eta hiru. "Elkarrizketa politikoaren, bizikidetzaren eta errespetuaren aldeko konpromisoa berrestea". Garciak horiek guztiak "urratu" dituela iritzita, "jarrera instituzional irmoa" hartzera deitu du Garrastatxuk udalbatza. 

Carlos Garciak, berriz, EH Bilduren adierazpenari erantzun dio, eta berretsi egin ditu duela egun batzuk esandakoak. Otegi "terrorista" dela berretsi du, eta epaitegietako kondenek hori diotela gaineratu. Era berean, Ima Garrastatxu zinegotziaren aurka ere egin du, hark Durangoko euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldietan "parte hartu duelako". Horrez gainera, EH Bildu alkatetza galtzear zegoela "eskuin muturreko ordezkari" izendatu zuelako ere kritikatu du Garciak Garrastatxu.

Bozketa

Bozketan, ez dute argirik ikusi ez alderdi bataren ez bestearen adierazpenek. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk testu bien kontra egin dute, ika-mika alderdi biek "beren probetxurako" erabili dutela iritzita. Herriaren Eskubideak, berriz, PPren emendakinaren kontra egin du, eta abstenitu egin da EH Bilduren testuari dagokionez. 

ESANAK:

Ima Garrastatxu (EH Bildu): "Gobernu taldea babesten duen zinegotziak esandakoengatik posiziorik ez hartzea ez da neutraltasuna, konplizitatea baino. Eta denak ez du balio. Eskuin muturraren egiteko moldeek ezin dute tokirik izan. Voxen esanak, Aznarrenak, Madrilgo presidentearenak... mundu mailako joera erreakzionario baten aurrean gaude. Ilegalizazioa zilegi den edo ez eztabaidatzea onartuko dugu? Ardura politikoz jokatu behar dugu gure instituzioak errespetatzeko". 

Josune Escota (EAJ): "Ez dugu inoiz zalantzan jarriko legezko alderdi politiko baten legitimitatea, baina ez dugu PPko zinegotziaren akats bat aprobetxatzen duen maniobra hau zuen gerra onartezina elikatzeko eta gure irudia zikintzeko baliatuko. Hau EH Bilduren eta PPren arteko joko bihurtu da, banaketa bilatzen duen joko. Izan ere, testu hauen helburua ez da bizikidetza babestea".

Jesica Ruiz (PSE-EE): "Ez dugu ez EH Bilduren mozioa ez PPren osoko zuzenketa baloratuko. Ez diote mesederik egiten politikari, are gutxiago tokikoari. Badakigu PPko zinegotzia hiperbole konstante batean bizi dela eta Madrilera begira berba egiten duela, baina ez da PSE-EE izango Garrastatxu edo Otegi babestuko dituena. Eztabaida honek ez du Durangoko elkarbizitzan laguntzen. Pena ematen dit gaur hemen gertatzen dabilena ikustea". 

Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): "Gure alderdiak herritarren lehentasunei erantzutea du helburu, eta hazteko, Durango hobetzeko, erabili gura ditugu plenoak zein eztabaidak. Edozelan ere, ezin ditugu debateak pertsonalizatu. Alderdi bakoitzak hartu behar du horretarako ardura".

Carlos Garcia (PP): "EH Bilduko ordezkariak Otegiren txotxongilo zarete, hark agindu dizue-eta gaur honako adierazpen hau hona ekartzeko. Ez dauka niri aurrez aurre berba egiteko adorerik. Lotsagarria da Otegi EH Bilduren buru izatea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!