Durangoko EH Bilduk mozio bat erregistratu du udalean, eta udalbatza osoari eskatuko dio Carlos Garciak azaroaren 6an sare sozialetan adierazi zituenak gaitzesteko. Koalizioak gogoratu duenez, PPko zinegotziak "terrorista" izendatu zuen Arnaldo Otegi idazkari nagusia, eta horrez gainera koalizioak "erakundeetatik kanpo" egon beharko lukeela iradoki zuen, "Alemanian alderdi nazia bezala". EH Bilduren esanetan, esan horiek "nazismoaren esanahi historikoa banalizatzen" dute, eta "zalantzan" ipintzen dute "legez eratutako alderdi baten zilegitasuna". Era berean, adierazpenek hauteskundeetan koalizio subiranista "askatasunez aukeratu zuten herritarrak gutxiesten" dituela ere gaineratu dute.
EH Bilduren iritziz, PPko zinegotziaren esanek "bizi dugun une historikoa" islatzen dute: “Mundu mailako inboluzio autoritarioko une bat bizi dugu, Euskal Herrian ere ondorioak dituena. Denbora daramagu ohartarazten, eta indar politiko nagusiak bat datoz horretan, garai ilunak etor daitezkeela”. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute euskal politika babestea "bazterkerian, deslegitimazioan eta seinalamendu politikoan" oinarritutako diskurtsoen aurrean. “Gure ustez, politika egiteko modu honek ez du lekurik ez Durangon ez Euskal Herrian”, adierazi dute.
"Elkarbizitza"
EH Bilduk "elkarbizitzaren, errespetu instituzionalaren eta elarrizketa politikoaren aldeko apustua" berretsi du, "udal bizitzarako funtsezko tresna gisa". Carlos Garcia zinegotziaren adierazpenek balio horiek "urratzen" dituztela jaso dute mozioan.