60. Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur Durangoko museoan. Hain zuzen ere, bertan izango guneetako bat, Atartea; gaurkoan aurkeztu dituzten nobedadeetako bat da hori. Atartea Arte Ederren plaza izango da, eta bertan azokan lanak aurkeztuko dituzten 20 egileren lanekin erakusketa egongo da; horrez gainera, Irati Bazeta abadiñarraren Harien isla ere ikusgai egongo da; Bazetak iazko Sormen beka jaso zuen. Beste nobedadeetako bat Madalenako ermitan egongo den Berbagailua gunea izango da. Azokan erakutsiko diren nobedadeak abiapuntu hartuta, zuzeneko podcastak grabatuko dituzte bertan Azoka Telebistako lankdieen laguntzagaz.
Bestalde, gaueko ikuskizunak itzuliko dira aurtengo Azokagaz. Abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez taldeek kontzertua eskainiko dute; hurrengo egunean, ostera, Naxker eta Mirua taldeen kontzertua egongo da; gainera, abenduaren 6an bertan Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK konpainiaren emanaldia egongo da; abenduaren 7an, ostera, Formol laborategiaren ikuskizuna, Bittor Kapanaga kulturgilea omentzeko ekitaldia, eta Paul Urkijoren Gaua filmaren emanaldia egongo dira.
285 erakusmahai
1026 kultur nobedade aurkeztuko dituzte 175 partaidek jarriko dituzten 285 erakusmahaietan. "Inoizko kopururik handiena", Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaile eta Azokako koordinatzailearen berbetan. "Atzera begirako nostalgian erori ordez, harro aldarrikatu nahi dugu gaur Durangoko Azokak izan duen bilakaera, eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari. Sortzen doazen adierazpen eta korronte berrietara moldatzen ari da euskal kultura, eta horren atzetik, euskarazko sorkuntza bultzatu eta hauspotzeko asmoz lanean dihardu Durangoko Azokak, eskuartean dugun Kulturaren Jaialdi hau ahalik eta anitzena eta koloretsuena izan dadin", gaineratu du Gaztelurrutiak. Gune eta egun guztietako egitarauak, Durangoko Azokaren webgunean daude ikusgai.
Bestalde, gaurko agerraldian ere Palestinari elkartasuna erakutsi diote. Horrez gainera, Palestinak bizi duen genozidioa salatzeko, geldialdia egingo du Durangoko Azokak abenduaren 7an. Elkarretaratze kulturala egingo dute Landako Plazan, 14:00etan. Garraioari dagokionez ere, nobedadeak daude. Izan ere, Euskotrenek gaueko zerbitzua ugarituko du; abenduaren 5, 6 eta 7ko gauetan tren zerbitzuak egongo dira.