Leire Bilbaok Durangoko Udalaren aitortza jaso du, Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Sariagatik

E.H. 2025eko azaroaren 12a

Bilbaok jasotako "harrera beroa" eskertu du. Mireia Elkoroiribe alkateak haren hurbiltasuna txalotu du, "irakurketarekiko maitasuna beti" partekatu baitu "gogoz eta naturaltasunez". 

Irailaren bukaeran, Leire Bilbao idazleak sari berri bat gehitu zion bere ibilbide oparoari. Espainiako Haur eta Gazte Literaturako Saria irabazi zuen Klera euskarazko lanagaz. Eta hori horrela, Durangoko Udalak harrera egin zion atzo, saria, etxean, behar bezala aitortzeko. Udal ordezkariak eta idazlea udaletxean batu zuren.

Ekitaldian, Bilbaoren ibilbidea eta idazleak udalerriarekin duen lotura azpimarratu zituen Mireia Elkoroiribe alkateak:  “Klerarekin, Leirek gai zailei buruz sentsibilitate handiz hitz egitea lortu du, gazteen bihotzetara edertasuna eta sakontasuna galdu gabe iritsiz”, adierazi zuen. Halaber, haren hurbiltasuna eta Durangoko liburutegian urteetan zehar egindako lana gogoratu zituen: “Aitorpenaz harago, Leire oso hurbil sentitzen dugun pertsona da. Irakurketarekiko duen maitasuna beti partekatu du gogoz eta naturaltasunez”. Bilbaok, bere partetik, esker onez hartu zuen aitortza: "Eskerrik asko egindako harrera beroagatik". 

Lan oparoa, ibilbide oparoa

Klera Elkar argitaletxeak argitaraturiko lana da, June San Sebastiánek ilustraturikoa. Euskaraz dago idatzia, eta proposamen berritzailea eskaintzeagatik eta askotariko diziplinak barnebiltzeagatik saritu dute. Narrazioak gatazka, gerra eta heriotza jorratzen ditu, umeei begirako sentsibilitateagaz eta edertasun poetikoagaz. 

Leire Bilbaok ibilbide luzea du bai haur eta gazte literaturan, bai poesian. Besteak beste, Euskadi Literatura Saria, Kiriko Saria eta Lauaxeta Saria jaso ditu, eta bere lanak hainbat hizkuntzatan itzuliak izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!