Leire Bilbao: "Sari hau idazle moduan egindako ibilbidearen errekonozimendua dela uste dut"

Jone Guenetxea 2025ko ira. 25a, 17:33

Deiak etenbarik jasotzen ari da Leire Bilbao Barruetabeña 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Espainiako Saria jaso berritan, Klera (Elkar) lanagatik. Tartetxo bat hartu du ANBOTOren galderei erantzuteko.

Lehenik eta behin, zorionak. Zer suposatzen du sari honek zure ibilbidean?
Hainbat urte daramat literatura munduan publikatzen. 2006an hasi nintzen poema liburu batekin, eta urte berean haur eta gazte literaturako liburu bat kaleratu nuen. Sari hau idazle moduan egindako ibilbidearen errekonozimendua dela uste dut. Gainera, Klera album bat da, gerraren eta heriotzaren inguruan idatzita dagoena eta hainbat artisten laguntzagaz ondua dagoena. Beraz, poz handia izan da.

Mezu indartsua duen liburua da Klera. Gerra eta heriotza du oinarrian. Horrelako gai bat haurrentzako bideratzerakoan, zein lanketa egin duzu?
Gai guztiak dira bideragarriak. Beti baliatzen dut poesia horretarako. Poetikotasunak laguntzen du edozein gairi buruz hitz egiteko. Kasu honetan, gatazkaz berba egiten du. Gerra baten erdian harrapatuta dagoen ume bat da protagonista. Denok momentu batean edo bestean izango dugu elkarrizketa bat heriotzarekin, baina zoritxarrez gerra baten harrapatuta dauden umeek heriotzarekin garaiz aurretik eta merezi gabeko elkarrizketa bat izaten dute. Hori zen fikzionatu gura nuena eta horretarako QR kodeen bitartez dantza, musika eta irudiak erabiltzen dira. Horrek liburuari beste irakurketa bat ematen dio. 

Diziplina anitzeko lan honen testuak sarituak izan dira, baina beste elementuak ere garrantzitsuak dira.
Bai, beste osagaiek beste irakurketa bat ematen diote liburuari. Testuez eta irudiez gain, beste irakurketa batzuk egiteko aukera ematen du dantzaren inguruan, irudien inguruan. Letretatik irakurtzen duzu, baina irudietatik ere irakurketa asko zabaltzen ditu liburuak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!