Durangoko EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Herriaren Eskubideak adierazpen bateratua egin dute udalerria "etxebizitza larrialdian" dagoela jakinarazteko. Lau alderdiek esan dutenez, momentu honetan 2.000 durangar baino gehiago daude Etxebiden izena emanda etxebizitza baten zain. Gaineratu dutenez, etxebizitza arloko eskumenik gehienak ez daude udalaren esku, baina, hala eta guztiz ere, esan dute tokiko administrazioak "funtsezko zeregina" daukala irtenbideak bilatzeko. Horregaitik, arazoaren "diagnostiko zehatza" egitea adostu dute, eta ikasturtea amaitu aurretik "proposamen zehatzak aurkeztuko dituzte etxebizitzaren krisialdiari eraginkortasunez" heltzeko. Udalbatzako bost alderdietatik PP izan da adierazpenera batu ez den bakarra.
Adierazpen bateratua kaleratzetik aparte, gobernu taldeko kideek eta oposizioko alderdi nagusiak beren interpretazio propioa kaleratu dute. EAJk eta PSE-EEk gogorarazi dute San Faustoko 16 etxebizitza sozial herritarren eskura ipini berri dituztela, Alokabidegaz lankidetzan. EH Bilduk, bere partetik, adierazpena "garrantzitsua" dela esan du. "Arazoa identifikatzea lehenengo pausoa da, ondoren irtenbideak martxan ipintzeko". Aurrerantzean, proposamenak "mahaigaineratu eta martxan" ipini behar direla azpimarratu du.