Durangoko EH Bilduk 10 neurriko bide orria aurkeztu du udalerriko "etxebizitza larrialdiari aurre egiteko". Arratsalde honetan aurkeztu dute plana, San Agustineko ospitale zaharraren aurrean, eta ez da kasualitatea koalizioak kokaleku hori aukeratu izana proposamena aurkezteko, neurrietariko batek eraikin horri eragiten dio eta. Izan ere, EH Bilduk "zerbitzu publikoetarako etxebizitzak" egin gura ditu ospitale zaharrean, eraikina adinekoentzat egokitu eta haiei eskainita. Era berean, beste neurri batzuk ere proposatu dituzte. Batetik, udalerriko etxebizitza-jabe txikiak "etxe hutsak mobilizatzera" bultzatzea. Hain zuzen ere, EH Bilduk laguntzak eskaintzea proposatu du etxeok zaharberritu ahal izateko. Bestetik, "Etxebizitza Bulegoa sortzea" proposatu dute, udalerriko "etxebizitza politika gidatzeaz arduratuko den sozietate publikoa" eratzea, hain zuzen ere. Azkenik, udalerriko goi solairuetako 115 negozio beheko solairuetara lekualdatzeko aukera ipini dute mahai gainean, atikoetan dauden higiezinak etxebizitza bihurtu ahal izateko.
Ima Garrastatxu zinegotziak azaldu duenez, etxebizitza bermatzeko "egiturazko neurriak ez daude denak udalen esku, baina, hala ere, udalek, duten ahalmenagaz, paper garrantzitsua dute gai honetan". Gai horretan "ezer egin barik edo neurri kosmetikoak hartzen jarraitzea ez da aukera bat" bere esanetan, "gazteak etxetik joan ezinda daudenean".
1.405 etxebizitza huts Durangon
Koalizio subiranistak jakinarazi duenez, udalerriko hamar etxebizitzatatik bat hutsik dago, "1.405" dira guztira; euretariko gehienek "bi urte" daramatzate hutsik. Gaineratu dutenez, 2.099 herritar Etxebiden izena emanda daude, etxebizitza bat eskuratu ahal izateko asmoz. "Horietatik 1.455 alokairurako eskatzaileak" direla zehaztu dute. Era berean, azken bi urteetan eskatzaileen kopurua "% 69" hazi dela adierazi dute.