San Faustoko 16 etxebizitza alokairuan eskaintzea hitzartu dute

Ekaitz Herrera 2025ko urr. 14a, 15:52

Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Alokabidek egin dute hitzarmena, "herritarren kezka nagusietako bati" erantzuteko helburuz. Eguerdi honetan, hitzarmenaren xehetasunak eman dituzte Mireia Elkoroiribe alkateak eta Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordeak. 

Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu dute babes sozialeko 16 etxebizitza berriztu eta herritarrei alokairuan eskaintzeko. Etxebizitzok San Faustoko Unda Torre kaleko bloke batean daude, hau da, auzoko alde zaharretik hilerrirako blokeetariko batean. Aurrerantzean, Alokabidek kudeatuko ditu etxeok eta alokairu eskean dabiltzan durangarren zerbitzura ipiniko ditu. Momentu honetan, etxebizitzak berritzen dabiltzala adierazi du Mireia Elkoroiribe alkateak. "Batzuei sukaldea falta zaie, eta erabilitakoetan egokitzapen zein garbiketa lanak egiten gabiltza", azaldu du. Udala 75.000 euroko inbertsioa egiten dabil. Lanok abendurako amaituta izatea gura dute, eta 2026ko lehenengo seihilekoan ipini gura dituzte Alokabiden, alokatzeko prest.

Elkoroiribek azpimarratu duenez, Durangoko udalak "urrats bat gehiago" eman du hitzarmenagaz, durangarren kezka nagusienetako bati, etxebizitzari, erantzuteko. Miguel de los Toyos sailburuordeak udalaren ekarpena eskertu du, "Durango delako, biztanleria kopuruari dagokionez, Bizigune moduko proiektu bati ekarpenik handiena egin dion udalerria. Era berean, instituzio publikoen arteko lankidetza txalotu du sailburuak. 

Udal aholkularitza zerbitzua

Durangoko alkateak etxebizitzari loturiko beste proiektu baten berri ere eman du. Etxebizitza gaiekin laguntzeko udal aholkularitza zerbitzua ipiniko dute martxan, betebehar administritatiboekin, eskuragarri dauden laguntzekin, zergekin zein kontratuekin laguntzeko. "Datozen asteetan" ipiniko dute zerbitzua martxan. 

PERIari dagokionez, Eusko Jaurlaritzagaz eta Euskal Trenbide Sareagaz hartu emanetan dabiltzala azaldu du Elkoroiribek. Hartu eman horietatik proiekturako hitzarmen berri batek irtengo duela iragarri du. Era berean, datozen urteetan Durangon 700 etxebizitza inguru eraikiko direla gaineratu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!