Wadokan klubak '12 harri' arte martzialen opena antolatuko du zapatuan, 09:30ean, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Open izaera duenez, askotariko diziplinak batuko dira tatami gainean, hala nola, taldekako kata eta esku hutsa. Kirolarien eta laguntzaileen artean 400 bat lagun batzea itxaroten dute. Aurtengo aldia Jose Luis Salas maisua omentzeko baliatuko dute. Salasek 50 urte bete ditu arte martzialetako maisu moduan.
'12 harri' orain hiru urte sortu zuten eta harrezkero helburuak ez dira aldatu. "Lehiakideen artean lehia-espiritua eta laguntasuna sustatzea du helburu, baita borroka-arteen praktika sustatzea eta parte-hartzaileei beren trebetasunak erakusteko eta beste artista martzial batzuengandik ikasteko aukera eskaintzea ere", adierazi dute Wadokan klubeko kideek ohar batean.