N-634 errepidea hobetzeko lanak martxan, Zaldibarko herrigunean

E.H. 2025ko urr. 17a, 10:10

Lanek hiru urteko iraupena izango dute. Besteak beste, semaforo sistemak jarriko dituzte Euskal Herria eta Arantzamendi sarreretan eta Abeletxen. Era berean, biribilgunea ipiniko dute Muelles Zaldua enpresaren ondoan. Aldundiak 4.180.073,97 euroko inbertsioa egingo du.

Bizkaiko Foru Aldundia N-634 errepidearen ingurua hobetzen hasi da Zaldibarko erdigunean. Datozen hiru urteetan, Foru Aldundiak San Andres hiribidetik beherako errepide inguru osoa egokituko du, Arantzamendi eta Euskal Herria kaleen lotuneraino. Herriko azpiegiturak, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetu gura dituzte. Zaldibarko Udalak azaldu duenez, jarduketa garrantzitsuenen artean honako hauek daude:

  • Arantzamendi eta Euskal Herria kaleetan semaforo adimendunak jarriko dituzte, bi kaleetarako sarrera-irteerak bermatzeko.
  • Abeletxeko irteeran eta Gortazar kaleko sarrerak semaforo berria jarriko dute. Modu horretan, oinezkoek errepidea era seguruan igarotzeko aukera izango dute.
  • Biribilgunea atonduko dute Muelles Zaldua enpresaren ondoan. Arangurenerako sarrera hobetzeaz gainera, autobusentzako geltokiak ere jarriko dituzte.
  • San Andres etorbideko errepidea mendebaldera mugituko dute. Jarduketa horri eskerrak oinezkoen segurtasuna areagotuko dute. Errepidearen eta espaloiaren arteko tartea homologatutako hesi babesgarri batekin atonduko dute.

“Zaldibarko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak urte luzez jardun dute lankidetzan, herritarren bizi kalitatea hobetuko duten lan hauek prestatzen. Azkenean, amaitu da itxaronaldia: Martxan daude herri barruko segurtasuna eta irisigarritasuna hobetzeko lanak, besteak beste, trafikoaren abiadura moteltzea ekarriko dutenak”, azpimarratu du Eneritz Azpitarte alkateak. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren lana eskertu du alkateak, eta aurrerantzean ere lankidetzan aritzera gonbit egin du.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!