Durangoko mendi martxak bigarren aldia egingo du urriaren 26an

Anboto 2025ko urr. 17a, 09:26

Iazko mendi martxako irudia. (Argazkia: Joxe Amantegi)

Bi ibilbide daude aukeran eta izen-ematea astelehenean amaituko da.

Alpino Tabira mendi klubak Durangoko mendi martxaren bigarren aldia antolatuko du urriaren 26an. Bi ibilbide daude aukeran. Bietarako izen-ematea urriaren 20an, astelehenean, amaituko da eta kirolprobak.com atarian egin daiteke.

Ibilbide luzeak 25 kilometro ditu 1.245 metroko desnibelarekin. Landako Gunetik irtengo da, 08:00etan. Artabilla, Etxano, Mañaria, Inungan, Obako Atxa (852 metro), Mugarrikolanda, Pagasarri (838 metro), Marmol, Neberondo eta Bitañotik ibiliko dira. Hornidura puntua Inunganen egongo da.

Ibilbide laburra 09:00etan hasiko da. 15 kilometro ditu, 540 metroko desnibelarekin. Artabilla, Etxano, Etxaburu dorre, Neberondo eta Bitañotik ibiliko dira. Hornidura puntua Neberondon kokatuko dute. Kasu bietan, Landako Gunera heltzen direnean opariak banatuko dira eta jan-edana eskainiko dute.

Etapa berriaren jarraipena

Iazko aldia mugarri bat izan zen Alpinorentzat. Martxak erreleboa hartuko zion 54 aldi zeramatzan Durangaldeko Gailurrak irteerari. Publiko zabalago batengana heltzeko helburuz egin zuten aldaketa eta ekimenak harrera ona izan zuenez, aurten jarraipena eman diote.

Iazko mendi martxako argazki galeria LOTURA HONETAN ikusi daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!