Agur Durangaldeko Gailurrak, ongi etorri Durangoko Mendi Martxa

Anboto 2024ko urr. 19a, 12:00

Urriaren 27ko mendi martxa berriagaz publiko zabalagoarengana heldu gura du Alpino-Tabirak.

Etapa bat amaitu eta berri bat hasiko du Alpino-Tabira mendi klubak. Durangoko Mendi Martxak erreleboa hartuko dio Durangaldeko Gailurrak irteerari.

Iazko urrian 54. aldia bete zuen Durangaldeko Gailurrak irteerako parte hartzea gutxitzen joan da urterik urtera, beharbada bere ibilbide teknikoarengaitik. Horren ordez, publiko zabalagoa erakartzeko aproposagoa den Durangoko Mendi Martxa antolatuko dute lehenengoz urriaren 27ko domekan.

Ibilbide bi daude aukeran, 25 eta 15 kilometroko bana. 25 kilometrokoak 1.245 metroko desnibela du eta 08:00etan abiatuko da Landako Gunetik. Parte hartzaileak Durangoko tontor nagusia den Pagasarri ingurutik ibiliko dira. Ibilbidea honakoa da: Durango, Artabilla, Mañaria, Inungan, Obako Atxa (852 metro), Mugarrikolanda, Pagasarri (838 metro), Marmol, Neberondo, Bitaño eta Durango. Hornidura puntuak Inungan eta Neberondon egongo dira.

Ibilbide laburrak 540 metroko desnibela du eta 09:00etan hasiko da Landako Gunean. Ibilbidea honako hau da: Durango, Artabilla, Etxano, Etxaburu dorrea, Neberondo, Bitaño eta Durango.

Izen-ematea

Izen-ematea www.kirolprobak.com webgunean egin daiteke urriaren 23ko 22:00 arte; hamar euro da nagusientzat eta bost euro 14 urtetik beherakoentzat.

Izen-ematea egunean bertan ere egin daiteke hamabost eurotan; 14 urtetik beherakoentzat hamar euro da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!