- Gogotsu pelikula aretoetara iristeko?
Gogo handia dut pelikula aretoetara iristeko, prozesuaren parte ere badelako hein batean. Guretzako garrantzitsua izan da Zinemaldian egotea, pelikulari bultzatzen duelako; helburua bete dugu, eta nik uste sumatzen dela jendeak pelikula ikusteko gogoa duela. Ea zortea dugun eta aretoak betetzen ditugun! Ikusi dutenek iristen den pelikula bat dela esan didate, eta jendea hunkitu dela ikusi dut. Azken finean, gure historiaren parte bat kontatzen dugu, eta oso pelikula potentea da. Pelikularen bigarren zatia gogorra da, baina gerra ostea ez zelako erraza izan, eta horren isla da.
- Pelikula anbiziotsua iruditu zait. Erronka handia izan da 'Elkarrekin esnatzeko ordua' (Kirmen Uribe, Susa, 2016) eleberria zinemara moldatzea?
Kontatzen dugun garaia, berez, oso exigentea da. Kontatzen dugun istorioa Euskal Herrian hasten da, gerra garaia, eta horrek bakarrik bere pisua du aurrekontuan; gero, Ipar Euskal Herrira goaz; ostean, Eresoinkaren bira dator, handik Caracasera (Venezuela) goaz, eta gero atzera Bilbora. Espazio desberdin asko daude hor, eta anbientazio aldetik ere oso potentea da. Eresoinka irudikatzeak bakarrik, areto, jantzitegi publiko... sekulako lana du. Zerbai ondo kontatu gura baduzu, baliabideak behar dira; Karmele, aurrekontu handiko pelikula da, hala ere, gauza asko kanpoan utzi behar izan ditugu. Gainera, nire erronka, istorio sinesgarri bat egitea izan da, ondo irudikatzea ere bai, noski, baina arreta guztia istorioan jartzea gura nuen; testuingurua lantzea, noski, garrantzitsua da, alde horretatik ere anbiziotsua eta potentea da. Sinesgarri egin gura nuen garaia, baina aldi berean istorio familiar bat kontatzen ari gara. Niretzako pelikularen zati garrantzitsuena etxera itzultzen diren zatia da, euren kezka, beldurra eta gabeziak kontatzea gura nuen; bestea ere oso ondo dago, noski, baina kontraste hori bilatu gura nuen, laguntzen duelako pertsonaien bidaia hori bizitzen, baina atentzioa beste puntu batean dago.
Istorioa eta pertsonaiak oso potenteak dira, departamentu askoren lanketa handia egon da; uste dut garrantzitsua izan dela eta zortea izan dugula, presa barik lan egin ahal izan dugula. Alde asko zaindu ditugu, eta errodatu aurretik egindako lan guztia oso garrantzitsua izan da, bai argazki aldetik Javi Agirrerekin, edo Nerea Torrijos jantziekin; anbientazio edo zuzendaritza artistikoa Zaloa Silloarekin, pelukeria eta makilajea... Errodatu aurretik, kolore paleta bat diseinatu dugu, toki bakoitzean zein kolore egongo zen erabakitzeko. Horrek ere areagotu egiten du kontraste lan hori. Interesantea da, leku desberdinetatik igarotzen diren pertsonaiak berdinak direlako. Musika ere errodatu aurretik grabatu genuen.
- Musikak presentzia handia du pelikulan.
Musikak protagonismo itzela du. Eta bigarren zatiak, musika ezak ere bai. Kontrasteak oso garrantzitsuak dira pelikulan, eta musikak horiek sortzen laguntzen du. Adibidez, gidoitik argi ikusten nuen gerrako sekuantzia batetik, pieza koralerako jauzia; kontraste hori oso zinematografikoa da. Edota, esan bezala, musikaren ausentzia ere: lehehengo zatian hainbat musika daude hor, eta bapatean guztia geratzen da, pelikula gordindu egiten da. Musika elementu garrantzitsua da zinemagintzan, eta kasu honetan, gozatua hartu dut kontraesan horiek sortzen, edota pertsonaiaen egoerak azpimarratzen. Aitor Etxebarriak egin du soinu-banda eta kontestu interesgarria sortu du.
- Martitzenean Zugazan egongo zara 'Karmele' aurkezten. Zelako garrantzia du ikusleak aretoetara joateak?
Pelikula bat egin eta zaintzen, proposamen bat prestatzen, hainbeste denbora igaro ostean, gero zinema aretoetan ez ikustea pena bat da. Karmele oso zaindua dago musika eta anbientazio aldetik, eta oso horregaitik garrantzitsua da jendea aretoetara joatea. Euslakdunok euskaraz zinema egitea mirari bat zela esaten genuen lehen; gaur egun ere, eta ez gara kontziente zenbat jenderen ahalegina dagoen atzean. Jendea ez badoa zinera, zinemagintzak zentzua galtzen du. Gure istorioa kontatzeko aukera dugu, eta hori pribilegio bat da, oso garestia delako. Hori babestea garrantzitsua da. Uste dut udazken garrantzitsua daukagula aurretik orain. Jone Batzuetan daukagu aretoetan, eta Maspalomas ere bai; gurea ere orain estreinatu da. Gero Paul Urkijoren Gaua dator azaro amaieran, eta Aro berria ere. Festa bat da hau, eta momentua da jendeak erantzuteko.