Izan doinu tradizionalak, izan erritmo dantzagarri modernoagoak, erromeriak izan ditzakeen askotariko aurpegiez gozatu ahal izango da zapatuan Durangon. Udalerriak Bizkaiko Erromeria Eguna hartuko du, egitasmoaren lehenengo edizioa. 11:30ean ekingo diote jardunaldiari, eta ordu txikiak arte iraungo du. Leku berean hasi eta amaituko dute eguna, Plateruenean. Bien bitartean, jaia alderik alde zabalduko da.
Ibaizabal parkean puzgarriak, gazteentzako Esna Gazte! erromeria eta karaokea egongo dira Go!azen telesaileko hiru aktoregaz. Ibaizabal plazan, Aiko taldea egongo da (13:00), eta Larrain dantza herrikoia egingo dute goizean. Arratsalde partean, 16:00etan, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak eta Zabaleta eta Motriku trikitilariak egongo dira. Landako Gunean herri bazkaria, Luhartz taldearen eromeria eta Yogurinha Borova egongo dira. Eta Plateruenean herri kirolak egongo dira, 11:45ean. Parrandan jarraitu gura dutenek Errota, Zazpizar, Altxa Porru eta Gautegun erromeriak izango dituzte zain, 20:00etatik aurrera. Musika Eskolan berbaldiak egongo dira goizean, eta Durangoko kaleak askotariko animazioz beteko dira. Egitarau osoa erromeriaeguna.eus atarian dago.