Nondik dator Bizkaiko Erromeria Eguna egiteko ideia?
Musikan eta erromerietan gabiltzan hainbat musikari gaude honen atzean. Urteak daramatzagu honetan, nire kasuan hogei, eta urteekin ikusi dugu gure jarduna aldatzen joan dela erromerietan. Gu formatu tradizionalago batetik gentozen, baina urteekin aldatu eta egokitu egin da; adibidez, orain elektronikoago bihurtu da, baina, funtsean, erromeriak oso bizirik jarraitzen du. Konturatu gara gaur egun gazteagoentzat eta formatu elektronikoan egiten dugun honek erromeria izaten jarraitzen duela. Gure aurreragokoek txistuagaz eta danbolinagaz egiten zutena ere erromeria da, eta kalean dantzan zeudenean ere erromeria zen. Hortaz, erromeriak kontzeptu eta formatu asko duela konturatu gara. Gure aitita-amamei edo Durangaldeko gazte bati erromeria zer den galdetuz gero, erantzuna desberdina izango da, baina denak dira erromeria. Bizkaiko Erromeria Eguna kontzeptu edo ideia horiek guztiak batzeko asmoz jaio da. Erromeria batek formatu desberdinak izan ditzake; adibidez, izan daitezke trikia eta panderoa, alboka eta panderoa, izan daiteke kalerik kale ibiltzea dantzan, kalejiran kantuz, edo dantzan plaza batean. Musikagaz gidari, dantza eta pausoak izan daitezke, edo izan daiteke gaur egun gazteentzat formatu handiagoan eta doinu elektronikoekin egiten dena, edo izan daitezke gaur egungo edo aspaldiko bertsioak. Eta konturatu ginen ez zegoela hori guzti hori batzen zuen egunik, ez zela existitzen. Bizkaiko Foru Aldundiari bota genion proposamena, eta eurek bultzatu gaituzte hau egitera, erromeria oso geurea delako, euskalduna, baina baita nazioartekoa ere. Eta zaharra bezain modernoa ere bada. Horrek aurrerapauso hori ematera animatu gintuen, eta publiko guztiarentzako moduko egun hau antolatzera.
Behin hau esanda, urriaren 4an lehenengo Bizkaiko Erromeria Eguna egingo dugu Durangon, baina urterik urte Bizkaiko beste eskualde batzuetara lekualdatzea da gure asmoa, Ibilaldiagaz, Eskola Publikoaren aldeko jaiagaz eta Bizkaiko Dantzari Egunagaz egiten den moduan.
Zergaitik Bizkaiko Erromeria Eguna Durangon?
Durango, berez, kulturaren hiriburua delako Euskal Herri osoarentzat. Hala izaten da abenduan Durangoko Azokagaz, baina guk, Durangoko Udalaren laguntzagaz, abenduko asteburu horretan bakarrik ez, gainerako egunetan ere gura dugu Durango euskararen eta kulturaren hiriburu izatea. Eta jaialdi honek horretan lagunduko duelakoan gaude.
Batetik hori, eta bestetik ezin da ukatu Durango oso herri irisgarria dela, oso azpiegitura onak dituelako eta Bizkaian oso ondo konektatuta dagoelako. Horrez gainera, kulturalki bizirik dagoen herria da Durango, eta herriko talde ugarigaz jarri gara hartu-emanetan horregaitik.
Zelako harrera izan du proposamenak talde horien artean?
Udal teknikariek helarazi digutenagaitik, taldeek baiezkoa eman dute oro har, eta gertu daude parte hartzeko. Egun horretan herriko hamar bat taldek parte hartuko dute eta horrek erakusten du Durangok baduela kultur sare garrantzitsu hori. Aipagarria da ere Erromeria Egunak Durangon izan duen harrera. Antolakuntza aldetik, garrantzitsua da esatea oso pozik eta eskertuta gaudela Erromeria Egunak izan duen harreragaz eta herriko kultur elkarteak bertan izateagaz. Erromeria Eguna mundu guztiarentzat izan behar da eta garrantzitsua da hori etxetik hastea; etxekoak barik, Durangok nekez hartuko du irudi polita.
Hamarkada bitan asko aldatu da erromeria?
Erromeria ez ezik ingurua ere aldatu da denboran zehar, jakina, baina erromeriak garai eta adin berrietara egokitzen jakin du, eta horixe da gakoa, horixe da erromeria pil-pilean egotearen arrazoi nagusia. Ikuspegi teknikotik eta musikaletik, erromeriak bizirik irauten eta garaian garaikora egokitzen jakin du, eta, hain zuzen ere, garai honetako erromeria kontzeptu berriak dira Plateruenean batuko ditugunak. Egunean zehar, beste adin batzuetarako edo zelanbait esatearren beste zalego batentzako moduko eskaintza egongo da; adibidez, umeentzako Goazen!-eko kideek dantzaldia eta berbena egingo dituzte. Alde tradizionalagoa maiteago dutenek Ibon Koteron albokariaren kontzertua ikusteko aukera izango dute. Kepa Junkeragaz ibilitakoa da Koteron, eta alboka irauli egin zuen bere sasoian. Bestalde, trikiaren zaleek Zabaleta eta Motriku bikotearen kontzertuagaz gozatu ahal izango dute. Hauek ere Junkeragaz hasi ziren, eta trikiaren mundua irauli eta garai modernoagoak markatzen hasi ziren. Espreski batu ditugu Bizkaiko Erromeria Egunerako, eta eurak berriro elkarregaz jotzen ikustea ohorea da guretzat.
Egun osoko egitaraua prestatu duzue horretarako.
Bai. Azken finean, Erromeria Egunak ez du bilatzen jai ludiko huts bat. Urriaren 4an Durangora datorrenari ekarpen kulturala ere egin gura diogu. Dena ez da dantza, jana eta edana izango, eta horregaitik daude, adibidez, gaur egun ikusteko gatxagoak diren dantza formatu tradizionalagoak. Horrez gainera, berbaldi eta tailerrak ere egingo ditugu musika eskolan. Dantzan egin bakarrik ez, bertaratzen denak hainbat musika pieza ere entzun ahal izango du; Ibon Koteronenak, aipatu dugun moduan, zein Mirari Azkune txikitilariarenak eta Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistularienak.
Bazkalostean, Oier Araolaza eta Gari Otamendi dantzan.eus atariko kide eta euskal dantzetan aditu eta erreferenteak direnak Korrotik pikutara berbaldi dantzatua emango dute. Berbaldi praktikoa izango da eta plazako dantzak denboragaz zelan eraldatu diren erakutsiko dute. Adibidez, bikoteka dantzatzen zen dantza bat laukoteka dantzatzera zelan igaro zen, edo zirkuluan dantzatzen zena lehen, zelan agertokira begira dantzatzen den gaur egun. Bestalde, Gontzal Carrasco trikitilariak trikitia iruditegi kolektiboan zelan aldatu den ikertu du tesi batean, eta tesi hori aurkeztuko du. Gure aitita-amamen garaitik Tapia eta Leturiagaren garaira izan zen aldaketa, eta gero, hortik aurrera, trikitiak booma bizi izan zuen Alaitz eta Maiderregaz, Maixa eta Ixiarregaz zein Esne Beltzagaz azken hamarkadara arte. Azkenik, Ane Albizu Ikerbasqueko ikerlari eta adituak buruko zapia zelan ipini azalduko du. Zapiak ez dira erromeria guztietan ikusten, baina janzkera hori ohikoa izan da beti. Buruko zapia, txapela zein gerrikoa ondo janztearen garrantziaz berba egingo du Albizuk.
Erromeriek jende gaztea erakartzen jarraitzen dute?
Dudarik barik. Guk erromerietan jarraitzen dugu, kontzertuak ematen, eta gure formatu berriak, elektronikoagoa denak, arrakasta izaten jarraitzen du. Itzela da zenbat gazte etortzen den, euskaldunak izan zein ez! Hori nabarmentzekoa iruditzen zait, eta baita hausnartzekoa ere euskaldunak ez diren zenbat gazte joaten den erremerietara. Hori ikaragarria da, eta erromeria bizi-bizirik dagoelako da hori. Hori bakarrik ez, gazte horiei erromeria nondik datorren erakutsi gura diegu, eta Erromeria Eguna erreminta ona izan daiteke horretarako. Azken finean, eurek kontsumitzen dutena nondik datorren erakutsi gura diegu. Gure egitarauan erromeriaren formatu desberdinak ikusi ahal izango dira, lehen esan dudan moduan. Arratsaldean, Ibaizabal plazan, dantzak bikoteka izango dira, gaur egungoak ez bezala. Beraz, bada modu bat erromeriaren formatuak erakusleiho bihurtzeko.
Badaukazu beste ezer gehitzeko?
Herri bazkaria dagoela ere azpimarratuko nuke. Elkarteetako kide, musikari eta artistak bertan izango dira, baina herritarrei ere dei egin gura diegu bertaratzeko, deialdi zabala delako. Gainera, oso giro majoa eta sanoa sortuko da; azken finean, hainbeste erromeriazale egonda... (barrez). Gainera, Luhartzeko lagunak ere izango dira bertan jotzen. Musikari edo dantzari izan ez arren, oso erakargarria izango da. Erromeria Eguna aproposa da modu aktiboan zein pasiboan gozatzeko.