Durangoko Udalak 2025eko kopuruetan mantenduko ditu datorren urteko zergak eta tasak. Neurri hori "herritarren gaineko presio fiskala handitu barik mantentzeko asmoz" hartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Era berean, moldaketa batzuk egin dituzte hobarien sistema malgutzeko. Orain arte, langabezian zeudenek Lanbideko agiri bat aurkeztu behar izaten zuten, zaborren eta saneamenduaren tasetan hobariak lortzeko; aurrerantzean, nahikoa izano dute langabezia egoera egiaztatzen duen dokumentu ofizialen bat aurkeztea. Halaber, espazio publikoa okupatzeagatiko tasa kendu dite elkarteentzat, jarduerok irabazi asmorik barik antolatzen badituzte. Gobernu taldeak dioenez, araudi berriak "eraginkorragoa, bidezkoagoa eta herritarren beharretara egokituagoa" egingo du kudeaketa fiskala.
EH Bilduk ordenantza fiskalak kritikatu ditu, aurtengo ekitaldiko zergak eta tasak % 13 igo ondoren, datorren urtean igoera hori "egonkortuko delako". Koalizio subiranistaren iritziz, gobernu taldeak bere horretan utziko ditu zergak, baina aldez aurretik % 13 igo ondoren. Gobernu taldeak "interes elektorala" darabilela ere kritikatu du.