Tabirako Baque Alai taldea denboraldi berri baten atarian da. Durangoko taldeak aurten ere BBK Saskibaloi Liga jokatuko du beste zortzi talderekin batera. Horren aurretik, ligarako prestaketa moduan eta saskibaloia sustatzeko helburuarekin lagunarteko partidu bat jokatuko du Durangoko San Fausto jaien barruan. Partidu hori domeka honetan, 12:30ean izango da, Merkatu Plazan. Basauri taldea izango dute aurkari. Antolatzaileek saskibaloi zaleei bertaratzeko deia egin diete udaletxean egindako aurkezpenean.
Tabirako Baque Alai taldea iaz sortu zuten eta aurten bigarren denboraldia osatuko du. Aniztasun funtzionala duten 15 neska-mutikok osatzen dute taldea. Durangoko institutuan entrenatzen dira.