Gu Ta Gutarrak

[BIDEOA]: Tabirako Baque Alai, kirol talde bat baino gehiago

J.G./J.D. 2024ko abe. 5a, 13:34

Kirol egokituko Durangaldeko lehenengo kirol taldea sortu zuten maiatzean, Tabirakoren aterkipean. 16tik 20 urtera arteko 15 gazte dabiltza entrenatzen.

Hasi da entrenamendua eta jokalariak urduri daude ANBOTO erreportajea egitera etorri delako institutuko kantxara. Joan zen domekan Durangon jokatu zuten partiduan harmailak bete egin ziren eta poz hura gogoan dutela erantzun diete galderei. Maiatzean sortu zuten Durangaldeko kirol egokituko lehenengo taldea, Tabirako Baque Alai, eta ekimenak harrera ezin hobea izan du. BBK Saskibaloi Ligan jokatzen dute, Bizkaiko beste zortzi taldegaz. Esti Ortuzarren alabak taldean jokatzen du. "Institutuko bilera batean irakasleek esan ziguten taldea sortzeko asmoa zutela, eta banekien nire alabak zalantzarik barik parte hartu gurako zuela. Durangaldean kirol egokituko talde bat izatea behar-beharrezkoa zen. Umeak pozez zoratzen daude", azaldu du Ortuzarrek. Iñigo Uriarte ere taldeko gurasoa da. "Poz handia hartu genuen, guk dugun helburua eurek ikusgai egitea delako gizartearen aurrean, eta, bestalde, bultzada handia izan da euren autoestimurako", adierazi du Uriartek.

Kirolaren inguruan sortzen diren balioek eta kiroletik haratagoko irakaspenek badute taldea eta norbanakoak indartzeko gaitasuna. "Irrikan egoten dira entrenatzera etortzeko, eta galdezka ibiltzen dira ea asteburuan jokatuko duten. Oso talde polita egin dute eta oso gustura dabiltza", esan du Ortuzarrek. "Esperientzia hau guretzat ez ezik herriarentzat ere garrantzitsua dela uste dut", azpimarratu du Uriartek.

Tabirakoren aterkipean
Arantza Bilbao eta Esti Gerrikabeitia Fray Juan de Zumarraga institutuko Zereginen Ikaskuntzarako Gelako irakasleek bultzatu dute taldearen sorrera. Bilbaoren alabak Kurutziaga ikastolan ikasten du eta bere entrenatzaileek esan zioten gustatuko litzaiekeela saskibaloi egokituko talde bat sortzea Durangon. Hurrengo pausoa Tabirakoren atea jotzea izan zen. Han ere, Durangoko saskibaloi taldeak babes osoa eman zion egitasmoari. "Eurek saskibaloian jokatu gura zuten, baina Tabirakon izango zela esan genienean itzelean poztu ziren. Saskibaloian, eta gainera Tabirakon, herriko taldean", gogoratu du Bilbaok.

Tabirakorentzat taldearen sorrera "erronka handia" izan dela azaldu du Hilario Perez taldeko presidenteak: "Proiektu honetan parte hartzea opari bat da. Saskibaloi egokitua luzarorako etorri da Tabirakora eta Durangaldera. Gaurko entrenamenduan, oraintxe bertan, Maixak bere lehenengo saskiratzea egin du eta emozionatu egin gara denok. Maixak amari deitu dio lorpena kontatzeko".

Taldea martxan dagoenetik, institutuan ere igarri dute aldaketa. "Talde sentsazioa indartu egin da, eta baita euren arteko elkarlana ere", azaldu du Esti Gerrikabeitiak. "Saskibaloi talde bat baino askoz gehiago da. Eurentzat asteburuero jokatzea itzela da. Honegaz guztiagaz gu geu ere asko disfrutatzen gabiltza. Sozializatzeko era bat da eurentzat, hartu-emanak egiteko modua, lagun talde bat...", azpimarratu dute irakasleek.

Oskestra hau guzti hau zuzentzen duten lemazainak Maren eta Harbil Labrit dira. Ahizpa biak dira taldeko entrenatzaileak. "Oso esperientzia aberasgarria da. Epaile lanetan ezagutzen genuen liga hau. Ni neu oso pertsona lehiakorra naiz, baina hemen hori ez da existitzen. Partiduetan ikusten duzu denok berdinak garela eta ondo pasatzera gatozela", azpimarratu du Maren Labritek.

Gidak laguntzaile
Taldearen inguruan badaude euren aletxoa ipintzeko prest dauden laguntzaileak ere. Saskibaloian jokatzen duten LH6ko Kurutziagako lau ikaslek gida lanak egiten dituzte, bai entrenamenduetan eta baita partiduetan ere. Malen Bilbao, Simone Urquijo, Izadi Ortuzar eta Sare Berriozabal dira jokalariak kantxan bideratzen dituztenak, ezin hobeto bideratu ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!